Lehen zatian bost goleko abantaila izatera iritsi da Ford Mugarri, baina azken minutuetan larri ibili dira arrasatearrak. Gol bakar bategatik nagusitu dira amaieran, 29-28. Ane Herrero pozik azaldu da partidu amaieran: "Bai, uste baino gehiago sufritu dugu. Azken zatian ez gara oso fin ibili eta gainera, jokalari bi gutxiagorekin nahikoa lan izan dugu abantailari eusten. Baina sentsazioak onak izan dira zapatuan eta domekan eta taldea gertu dago ligari ekiteko". Izan ere, hurrengo asteburuan hasiko du liga Ford Mugarrik. Hondarribia izango da lehen bisitaria, Iturripen.
Finalerdiak zapatuan
Gaurko finalean, Asier Ruiz de Luzuriaga gasteiztarra izan da golegile nagusia. 14 gol egin ditu Ruiz de Luzuriagak. Amesgaiztoa bilakatu da etxeko defentsarentzat. Etxekoen partetik, Nestor Callejak bost gol egin ditu eta launa gol egin dituzte Andoni Bernalek, Xabi Altzelaik, Asier Larrañagak, Kepa Isasmendik eta Mikel Larrañagak. Larrañaga anaiak etorri berriak dira Arrasateko taldera eta maila bikaina erakutsi dute biek hasieratik. Beste nobedadeetako bat Aitor Txabarri atezain arrasatearra da. Azken zatian jardun du gaur, taldeak gehien sufritu zuenean hain justu. Bestalde, finalaren aurretik Mariano Arrieta klubeko presidentea omendu dute. Ines Azpiazuk hartuko dio lekukoa aurrerantzean.
Finalera iristeko, erraz irabazi zion Ford Mugarrik Trapagarani, atzo. 35-13 izan zen emaitza, eta Bernal izan zen golegile nagusia (7 gol). Beste finalerdian El Pilarrek 28-27 irabazi zion Tolosari. Gaur, finalaren aurretik, Tolosak 31-24 hartu du Trapagaran mendean, 3. postua lortuz.