Mugarik gabeko munduan dauden mugak, antzerki bidez erakutsita

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 16a

Idazlea eta zuzendaria da Angel Mario Fernandez argentinarra. Batzuei ezaguna egingo zaizue haren aurpegia, Arrasateko gasolindegi batean egiten duelako lan. Izan ere, kultur munduan dabilen arren, zaletasuna ez du ofizio oraindik. Hainbat lan idatzi ditu dagoeneko Fernandezek. Lan horietako batekin buru belarri dabil orain: 'Los perfectos. Un mundu sin límites'. Aktore minusbaliatuekin egindako antzezlana da aipatutakoa; aurre estreinaldia irailean egin zuten arren, datorren hilean Soraluzen egingo dute estreinaldi ofiziala.

Aktore izateko aukera

Los perfectos apustu gogorra izan dela gogoratu du Fernandezek, batez ere alde teknikotik ikusita. "Zergatik antzerkia ikasten duen pertsona batek minusbaliatua izate hutsagatik ezin du aktore izan? Ikastaroetan ikusi dut antzerkia ikasten dabiltzan aktore askok ez dutela izan aukerarik oholtza batera igotzeko. Antzezle kalitatea ez da baloratua izaten. Horregatik, lan hau egitea bururatu zitzaidan", dio idazle eta zuzendariak.
Atzera begira jarrita, Fernandezek gogoratu du antzezlan hau egiterako orduan arazoa mordoa izan dituztela. Uztailaren 14an estreinatu zuten lana Irunen.


Lanak ordubete irauten du, eta komedia ironikoa da. Limiterik gabeko munduan, minusbaliatuen limiteez dihardu lanak. "Gogoeta egin gura du: minusbaliatuak nola bizi diren eta zela relazionatzen diren gainerakoekin", dio Fernandezek. "Egoitza batean bizi diren bost minusbaliatu dira; eta, egoitzaren jabea den emakumea hil egiten da. Emakume hori argazkien bitartez bakarrik ikusiko dugu. Oinordekoek etxearekin geratu gurako dute, eta han bizi direnak kalera bota gurako dituzte. Hala, dirua biltzeko antzezlan bat prestatuko dute, eta modu horretan aurrera irteteko dituzten baliabideak erakutsiko dituzte", azaldu du.

Idazlea eta zuzendaria

Proiektuarekin orain dela bi urte hasi ziren. "Hasiera batean Ana Perez izan behar zen antzezlaneko zuzendaria, baina hainbat ezbehar tarteko sei hilabetez atzeratu zen proiektua. Perezek ezin izan zuen jarraitu horrenbeste denbora; hala, Durangoko Patxi Hermosori deitu genion. Baina obra estreinatu baino pixka bat lehenago hil egin zen Patxi. Ondorioz, nik hartu nuen antzezlana zuzentzeko ardura", azaldu du Fernandezek.
Aktoreak bost dira: Alberto Couto, Gaizka Mikelarena, Irene Unanue, Teresa Sousa eta Osmar Vazquez. Irun, Donostia eta Soraluzeko aktoreak dira Los perfestos lanean taula gainera igotzen direnak. "Oholtza gainean egoteko baldintza bakarra aktore onak izatea da, ez minusbaliatuak izatea", argitu du zuzendariak. Fernandezek zuzendari lanaz zera dio: "Zuzendaritza ikastaro bat jaso nuen Argentinan; baina, egia esan nahiago dut idaztea zuzentzea baino".
Fernandezen asmoa Arrasatera eta ibarreko gainerako herrietara antzezlanarekin etortzea izango da. Horretan gogor lan egingo dutela esan du.

Kpaz elkartea sortu dute

Antzezlanaren proiektuarekin hasi zirenean Kpaz elkartea sortu zuten. Modu horretan, Fernandezek uste du antzezlanak bide luzea izango duela. Elkartea bera Kpaz da, baina antzerki taldearen izena Los Rotos da: "Patxi Hermosoren oroimenez jarri genuen izena. Hark horrela deitzen zien bai bere buruari eta baita minusbaliatuei ere", dio.
Fernandez orain dela bost urte iritsi zen Euskal Herrira. Urte hauetan bi lan taularatu ditu: "Lehenengoa 30.000 izan zen. 2009ko maiatzaren 5ean Victoria Eugenian estreinatu zuten Oscar Terol eta Ana Pimienta aktoreek", esan du. Orain, Los perfectos-ekin dabil, eta dagoeneko idatzita dauka Corralito. Argentinako "corralitoa" ardatz hartuta idatzitako lana da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak