Gaur, eguena, da zapatuko Birzikleta azokarako materiala uzteko azken eguna

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 15a

Bihar hasi eta hilaren 22ra arte autoa utzi eta hiri barruan mugitzeko beste era bat badagoela erakutsiko digu Agenda 21 egitasmoaren barruan Udalak antolatu duen Mugikortasun Iraunkorraren asteak. Ekitaldi arrakastatsuena Birzikleta azoka izan ohi da: zapatuan izango da, Seber Altube plazan, 11:00etatik 15:00etara. Bada, azokarako materiala jasotzeko azken eguna gaur da: Udal azokan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Birzikleta azokaz gain, beste hainbat ekitaldi egongo dira datorren eguenera arte.

Asteburua ekintzaz lepo dator: zapatuan, Birzikleta azokaren ostean, Biteri plazan Segway eta Trikke ibilgailuak probatu ahalko dira (11:00-14:00) eta emisio txikiko ibilgailuen erakusketa egongo da (11:00-15:00). Domekan, berriz, bizikleta bira egingo dute bidegorritik, Eskoriatzako plazaraino. Seber Altuben elkartuko dira, 11:00etan. 

Alternatibak eskaini beharra

Josu Pereda Ingurumen zinegotziari egitarauaz haratago Arrasatek dituen premien gainean galdetu diogu: "Arrasaten dugun premia handienetako bat da autoen erabilera murriztea, erdigunean batez ere", adierazi du asteon Arrasate Irratian egindako elkarrizketan.

Aparkalekuen auziari irtenbide bat eman gura diote, Biteri eta Garibaiko aparkalekuen arazoa konponduz; urrats zaila eta kontraesanez betea da, baina: "Aparkalekuak erdigunean erabilgarri jarriz gero autoaren erabilera indartuko dugu eta hori gure asmoen aurka doa".

TAO sistema aztertzen

TAO sistema unibertsitate eta ospitale inguruan jartzea pentsatzen dabiltza –esperimentu moduan– baina oraindik ez dago ezer erabakita. Bestalde, bidegorri sareari, herri artekoari zein herri barrukoari, lehentasuna emango dio Udalak, baina Aldundiaren erantzukizuna da hein handi baten.

Garraio publikoaren erabilera, behera

Garraio publikoaren aldeko kanpaina iraunkorra egin behar dela uste du Peredak, dioenez, erabilera jaisten dabilelako: "Autobus zerbitzua bikoiztu egin den arren, erabilera gutxitu egin da, eta hori oso kezkagarria da".
Mugikortasun Astearen barruan hiri autobusa asko erabiltzen da– doakoa da gaur hasi eta hilaren 22ra arte–. Peredak argi dauka ibilgailua alde batera utzi gura bada Udalak alternatibak eskaini behar dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak