Seigarren Merkemerkaua zapatuan, %70 eta %80ra arteko deskontuekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 14a

Ibai-Arte merkataritza elkartearen ekimen aipagarrienetako baten lekuko izango dira zapatuan Arrasateko kaleak: Merkemerkaua. Otsailean egin zen azkena eta zapatukoa seigarren edizioa izango da; 2011eko udaberri-udako produktuak egongo dira salgai. Ibai-Arteko merkatariek kalera aterako dituzte euren produktuak, prezio murriztuekin, noski: %70 eta %80ra arteko deskontuak iragarri dituzte. Oraingoan, gainera, ordutegi luzeagoa izango du merkatu bereziak: 10:00etatik 21:00ra, etenaldi barik.

Badator Merkemerkauaren seigarren edizioa. Otsaileko bosgarren edizioa arrakastatsuaren ostean, lehenengoz antolatu dute Ibai-Artekoek udaberri-udako azoka: "Udaberri-udako azokan merkatariak kalera aterako dira aurreko edizioko arrakasta errepikatzeko ilusioarekin", adierazi dute Ibai-Artekoek prentsa ohar baten bidez. Aurreko edizioetan moduan, saltoki gehienek kalitatezko produktuak prezio murriztuetan aterako dituzte euren erakusleihoetara: Olarte, Otalora Lizentziaduna, Iturriotz, Garibai, Iturriotz eta Zerkaosteta kaleetan.

Nobedadez jositako edizioa

Erdialdetik urrun dauden saltokiak edota euren produktuak erakusleiho aurrean jartzeko aukera ez dutenek, aldiz, Biteri plazan kokatutako karpetara eramango dute azoka. Dena den, seigarren edizio honek berritasun gehiago ere baditu.  Izan ere, Ibai-Arteko elkartekide diren saltokietan azokako mapak jarri dituzte bezeroen eskuetara. Zertarako? Honela azaldu dute: "Parte hartzaileak zeintzuk diren erakusteaz gain hauen kokapena ere jakinarazteko".

Kalitatea, merke-merke

Hala, zapatuko Udaberri-udako Merkemerkaura gerturatzen direnek %70 eta %80ko deskontuak aurkitu ahal izango dituzte produktu ezberdinetan: arropa, haur arropa, lentzeria, mertzeria, osagarriak, oinetako… Gainera, eguna girotzeko, kalean zein Biteriko karpetan musika jarriko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak