Abaroa denetariko eskaintzarekin dator oporretatik bueltan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 13a

Abaroa erretiratu elkarteak gogotsu hasi du ikasturte berria. Erretiratuendako eskaintza zabala dauka aspertzeko astirik izan ez dezaten: Bizkai aldera irteera bat, Tai Chi ikastaroa eta zinema eta sukaldearen irekieraren berri eman du. Bizkai aldera hilaren 22an egingo dute irteera eta, besteak beste, Gernikan eta Ondarroan egingo dute geldialdia. Hilaren 15ean, eguena, eman behar da izena Etxaluzen bertan, 11:00etatik aurrera.

Abaroako bazkide eta oro har Arrasateko erretiratuendako planik ez da faltako. Tai Chi ikastaroan parte hartu gura dutenek astelehenetik eguenera eman beharko dute izena Etxaluzen 18:00etatik 19:30era, hots, bulego ordutegian.

Sukaldea eta zinema, zabalik

Eguaztenetik aurrera, hilak 14, sukaldea irekiko dutela iragarri du erretiratu elkarteak. Sukaldea erabili gura dutenek nbulego ordutegian eman beharko dute izena. Gainera, zinema emanaldiak hasiko dira: irailetik aurrera astero egongo dira pelikulak eta filmaren izenburua, eguna eta ordua astero jakinaraziko dira Etxaluzeko iragarkien taulan.

Gernikara txangoa

Irailaren 22an, bestalde, Bizkai aldera irteera egingo dute. Gernikako erretiratu-etxea, junten etxea eta museoa bisitatuko dituzte. Laka-erdi sagardotegian bazkalduko dute eta bueltan Ondarroan egingo dute geldialdia. Izena emateko eguna da irailaren 15a, 10:30etik aurrera. Autobusa 27 euro ordaindu beharko da eta bi autobus jarriko dituztela jakinarazi dute. Txartelak hilaren 20an banatuko dira, 11:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak