Zer-nolako diseinuak egiten dituzu?
Batez ere musikarekin lotutako diseinuak egiten ditut: diskoak, logoak, kamisetak… Arrasate eta inguruetako taldeentzat lan egin dut, baita kanpoko taldeentzat ere. Lagun artean hasi nintzen diseinuak egiten eta gaur egun lan profesionalak ere egiten ditut.
Musikarekin lotutako diseinuak egiten dituzu?
Bai. Diseinuak egiterakoan, argazkietan oinarritzen naiz, baina nik egindako marrazkiak ere erabiltzen ditut. Azkenaldian, B serieko pelikula eta komikietan oinarritutako marrazkiak egiten ditu. Eskuz marrazten ditut eta gero digitalizatu egiten ditut, azken ukituan ordenagailuan egiteko.
Nola edo zergatik hasi zinen marrazten?
Txikitatik gustatu zait marraztea. Eskolan mahai, koaderno eta liburuetan marrazten hasi nintzen eta, beranduago, 5 Twisters taldean jotzen nuenean, lehenengo diskorako diseinua egitea pentsatu nuen. Ordutik aurrera, horrelako lanak egiteko aukera izan dudan bakoitzean aprobetxatu dut.
Zure lanaren adibide batzuk?
Nire bi musika taldeetako diskoen diseinuak egin ditut: 5 Twisters eta Los Galerna. Baita, Dirty Brothers, The Convicts, MPJ… Des-kontrol eta Aggressive Combat taldeentzako bideoklip bana...
Beraz, bideoklipak ere egiten dituzu?
Bai, orain kamera bat erosi dut eta bideoklip gehiago egiteko intentzioa dut. Bi bideoklip egiteko proiektuak ditut, baina ezin dut ezer gehiago aurreratu.
Super 8 kamerarekin erre film labur bat ere egin duzu.
Bai. Esperientzia polita izan da. Joaquin Galerna vs Doctor Bocanegra da filmaren izena. B serieko filma da, baina Z serieko ukituak ditu. Super 8 kamera film laburraren estilorako egokia zela iruditu zitzaidan.
Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia aberasgarria izan zen. Asko ikasi genuen 8 mm-tan filmatzen. Gaur egun, teknologiari esker, gauzak asko erraztu dira, baina karretean filmatzeak asko irakasten du. 8 mm-tan grabatzea oso garestia da, eta oso argi izan behar dira gauzak grabatzen hasi aurretik.
Zer-nolako prozesua da?
Luzea. Lehenengo, probak egin behar dira; gero, karretea errebelatu; eta, emaitza ikusita, nola grabatu behar den erabaki behar da. Ondoren, grabaketa egin eta, berriz ere, errebelatu. Gero, filma digitalizatu eta, azkenik, edizioa eta postprodukzioa ordenagailuan egin behar da. Karrete bakoitzak 3 minutuko iraupena du eta bakoitzak 30 euro inguru balio du.
Beraz, 8 mm-tan grabatzea artisautza lana da?
Bai. Argazkilaritza analogikoarekin zerikusi handia du. Gaur egun, kamera digitalekin lan egitea merkeagoa da, baina etxeko sotoan aurkitutako kamera zaharra erabilita asko ikasi dut. Oso lan polita da, emaitzak merezi du. 70eko hamarkadako zineman girotutako filma da, garai hartako baliabideekin egindakoa. Zahar ukitu hori bideo digitalarekin lor daiteke, baina originala hobea dela uste dut.
Musika egiten jarraitzen duzu, ezta?
Bai. Abuztuan Los Galerna taldearen bigarren diskoa grabatu dugu Guadalajarako El Purgatorio estudioan, Jon Rodriguez soinu teknikari aretxabaletarrarekin. Orain, soinu nahasketak egiten ari gara eta hori bukatzen dugunean, azalaren diseinuarekin hasiko naiz.
Argazkilaritzan ere trebea zara...
Bai, nire zaletasunetariko bat da. Kamera hartu eta kontzertu askotara joaten naiz; gehienetan lagunen argazkiak ateratzen ditut, baina lan profesionalak ere egin ditut.