Lehen unetik azkenera, intimitatea da lortzen dutena. Kulturate akustikoak saioetako denboraldiko lehena izan zen barikukoa. Eta, ez, intimitatea lortzeko ez da nahikoa "akustiko" izenaz jabetu eta distortsioa kentzea. Zerbait oso berezia da, eta bikote honek badauka. Kontzertu ona, oso.
Elkarrizketa gozoan
Miren Narbaiza gitarra akustikoan, ahotsik ederrena, eta Ander Mujika elektrikoarekin, sutsu, txinpartak atera arte. Ez zuten atzo goizean ezagutu elkar eta nabari da elkarrekin eta konplizitate betean eginiko denbora. Parean entzuten eta gozatzen daukatenarekin konpartitzen dute mundutxo horren zatitxo bat. Abestiak bi gitarren arteko elkarrizketa gozoan eraikitzen dituzte, progresiboa da guztia eta neurtua-halere-freskoa. Emaitza da Lurra idor, Berotzeko ala Erantzun abestiak berehalako magia daukatela, jotako gainontzeko guztiak berdin, ala Cat Powerren Nude as the news eta Su Ta Garren Zure atzetik, moldaketa berezi eta itzel biak; kantuak eurenak ala besterenak, baina kontzertuak iraun bitartean, aretoan zeuden guztienak; txalo eta abesti, abesti eta txalo, gustura, aulkietatik mugitzeko batere intentziorik ez zen egon-eta. Hunkigarria, indartsua, jostaria eta akustikoa izanagatik ere, elektrikoa.
Zaratarik ez
Hain onak izanda, Napoka Iriakoek isilpean egin dute aurrera, zarata larregi atera barik eta zuzenekoetan eta osteko zaleen ahoz-ahokoan aztarna utzita, kutsatuta. Maketa bat, zuzenekoak makina bat eta bi eta urtarrilean Bergarako Zabalotegin grabatu zuten zuzenekoa, Lehertarazi edifizioak, dauzkate kalean.
'Kulturate Akustikoak', abian
Eta Napoka Iriaren saioarekin hasi da kontzertu sortaren denboraldi berria. Datorren barikuan Mamy Wata afrikarrak joko du – "deabruzkoa" izan daitekeela diote–, eta zapatuan Manett bilbotarrek. Azkenik, domekan, hilaren 18an, eta saioekin amaitzeko, aspaldiko ezagun bat etorriko da Kulturatera, Keu Agirretxe bera eta Fignuh Experience harekin batera. Kontzertu guztiak 20:00etan dira eta doan.