2009ko udaberrian Realak Salamancan jokatutako partidu batean bi gazte arrasatear zelaitik kanporatu zituen Espainiako poliziak euskal presoen aldeko banderatxoa erakusteagatik. Gazteek salatu dutenez, oso modu oldarkorrean kanporatu zituzten El Helmantico futbol zelaitik.
Bakoitzari 4.000 euroko isuna jarri zieten eta urtebetez futbol zelaietara sartzeko debekua. Lau alditan jarri dute helegitea, baina guztietan eskaera atzera bota du administraritzak: "Errekurtso gehiago ez jartzeko esan digute, Espainian presoak aipatzea bakarrik delitua ei delako", adierazi du bi gazteetako batek. Isuna ordaintzea, ez dute beste aukerarik, beraz.
Isunari musikarekin aurre egin
Isunari aurre egiteko musika jaialdi bat antolatzea erabaki zuten iaz. Hasieran bi eguneko jaialdia egitea zen asmoa baina azkenean egun bakarrean egingo dute: "Hainbat talderen babesa jaso genuen baina denak elkartzea buruhauste handia zen".
Datorren zapatuan, irailak 17
Irailaren 17an izango da kontzertua, gaztetxean. Sarrera bost euro ordaindu beharko da, talde bakoitzeko euro bana. Izan ere, belaunaldi ezberdinetako herriko bost talde igoko dira agertokira; punk-oi! eta punk-rock doinuak izango dira nagusi: Arkada Social, Never Surrender, Dirty Brothers –ez du ohiko taldeak joko–, Interprete Desconocido eta Kate´s Maniacs. Taldekideak ondo elkar ezagutzen dira eta zuzeneko musika oldarkorraren festa bermatuta dago.
Realeko kamisetak
Gainera, Realeko zenbait jokalarik sinatutako kamisetak emango dizkiela jakinarazi dute isuna jaso duten gazteek. Kamisetok zozketa-txartelen bitartez banatzeko asmoa dute, dirua lortzeko.