Pintura ikastaroan izena emateko epea irailaren 12an zabalduko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 8a

Amaia Bengoa irakaslearen eskutik pintatzen ikasteko aukera eskainiko dute aurten ere Kulturaten. Ikastaroa irailaren 19an hasiko da eta izenematea irailaren 12tik 16ra izango da.

Hainbat talde

Ikastaroa hiru taldetan banatuko dute. Alde batetik helduen taldea egongo da: hiru orduko ikastaroak izango dituzte astean; umeek, ostera, ordu eta erdiko ikastaroak izango dituzte astean; zapatutan, bi orduko ikastaroak eskainiko dituzte.

Prezioak izango dira 137 euro helduendako; 70 euro umeendako; eta, 92 euro zapatutan.
Ikastaroak irailean hasi eta ekainera arte izango dira, eta ordutegia dagoeneko zehaztuta dago: lanegunetan 17:00etatik 20:00etara izango dira eskolak, eta zapatutan 11:00etatik 13:00etara.

Izenematea, astelehenean

Irailaren 12tik irailaren 16ra izango da izenematea. 17:00etatik 19:00etara Kulturateko Pintura gelara joan beharko da izena ematera (sarrera Seber Altube plazatik).
Amaia Bengoa pintura irakaslea Arte Ederretan lizentziatua da. Azaldu du ikastaroan izena emateko behar den bakarra 7 urte beteta izatea dela, ez dela beste ezer behar. Hau da, ez dute pinturan trebetasun jakinik eskatzen ikastaroan parte hartzeko.
"Normalean ikastaroetara etortzen den jendeak ez du ezer jakiten, etorri eta hemen ikasten dute", azaldu du Bengoak trebetasunen gainean galdetzean.

Marrazketarekin hasi

Ikasleek oleoa egin gura izaten dute normalean. Ikastaroan, baina denetik ikasten dute. "Akuarela, olea, akrilikoa... hainbat teknika ikasten ditugu", dio Bengoak. Horren harira azaldu du lehenengo marrazketarekin hasten direla eta ondoren gainerako teknikak lantzen dituztela.
Umeen kasuan ere teknika guztiak ikasten dituzte eta trebetasuna hartzen dutenean oleoa da gehien egiten dutena.

Urte mordoa irakasle lanetan

Amaia Bengoak urte mordoa daramatza pintura eskolak ematen: "93-94 ikasturtean hasi nintzen eta ordutik nago ikastaroak ematen", dio. Urte guzti horietan ikasle asko pasatu dira Bengoaren pintura eskoletatik. Datu bezala, Bengoak dio urtean 180 ikasle inguru izaten dituztela Kulturaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak