Birzikleta azokarako materiala zapatuan jasoko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 8a

Udalak antolatuta irailaren 16tik 22ra ospatuko dute Mugikortasun astea. Horren baitan, azkeneko urteetan bezala, hainbat ekintza egingo dituzte. Besteak beste, birzikleta azoka egingo dute. Azokarako materiala batzeko egunak etzi, zapatua, eta datorren asteko martitzena eta eguena izango dira.

Edonolako bizikletak

Birzikleta azokarako egoera onean dagoen edozein material jasoko dute: bizikletak –mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurrena, trizikloa, patin edo patineteak– kaskoa, belozimetroa, gurpilak, eskularruak eta maillotak, besteak beste.
Materiala batuko dute Udal azokan etzi, zapatua, 11:00etatik 13:00etara; eta, hilaren 13 eta 15ean, martitzena eta eguena, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Prezioa jabeak jarriko du

Azokarako eramaten den materialari jabeak jarri beharko dio prezioa. Saltzen ez den eta saldutakoaren zenbatekoa jabeari itzuliko zaio irailaren 22an, eguena, 17:00etatik 19:00etara Udal azokan.
Birzikleta azoka hilaren 17an egingo dute, zapatua, 11:00etatik 15:00etara Seber Altube plazan.

Segway zirkuitua

Hilaren 17an, birzikleta azokaz gain Segway eta Trikke zirkuitua ere egingo dute. Biteri plazan izango da, 11:00etatik 14:00etara. Horrez gain, 11:00etatik 15:00etara emisio txikiko ibilgailuen erakusketa egongo da Biteri plazan: auto hibrido eta elektrikoak, paseoko bizikletak, elektrikoak...

Autobus zerbitzua doan

Irailaren 16tik 22ra hiri autobus zerbitzua doan izango da. Beste urte batzuetan egon izan diren arazoak ekiditeko, adin txikikoek nagusi baten laguntzarekin erabili ahal izango dute autobus zerbitzua doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak