"Arazoa da arratoiak daudela. Arratoiak egotearen arrazoia zein den zehazki ez dakigu, baina, uste dugu hemen dauden ortuek eragina izan dezaketela", azaldu du auzo-alkateak. Auzotarrek gura dutena da Udalak arazoan parte har dezala, "ingurunea higienikoagoa" egon dadin.
Jarraipena egin diote
Arrasateko Udaleko zerbitzuburu Moises Altunak azaldu du jarraipena egiten dabiltzala: "Urtarrilean eta uztailean egin dugu arratoi-garbiketa inguru horretan", eta orain jarraipena egiten dabiltzala gaineratu du.
Arrasateko Udalak hilero egiten du arratoi-garbiketa beharra dagoen tokietan. Esan bezala, Santa Marinako bizilagunen azken kexa uztailaren 21ean jaso zuten eta ohiko inspekzioa eta garbiketa egin zuten.
Hildako animaliak
Anabel Granadosek dio ortuetan egon daitekeela arratoien sorburua. Izan ere, hainbat ortu ez daude ondo zainduta eta hildako animaliak egoten direla gaineratu du: "Ni ez nago ortuen kontra, eza pentsatu ere. Eskatzen dudan bakarra da ortuak garbi izan ditzatela. Ez ditzatela hildako animaliak eduki, eta kontzientzia daitezela hemen jendea bizi dela".
Hildako animalien harira azaldu du orain dela gutxi 15 untxi hilda aurkitu zituztela ortuetan dauden txaboletako baten. Granadosen esanetan, horrelako jarrerek zikinkeria sortzen dute eta ondorioz arratoiak sortzen dira. Eskatzen du ortuak ondo zain ditzatela, eta horrela egiten ez dutenak "erretira daitezela gainerakoak ez kaltetzeko".
Altunak dio hainbat zergati egon daitezkeela arratoiak egoteko: "Obrak egiten ditugunean eta errekak mugitzen ditugunean, adibidez, arratoiak irteten dira. Kasu horietan kexa asko izaten ditugu Udalean. Beste batzuetan, arrazoia jendeak bota duen zikinkerian egon daiteke. Konturatu gara hainbat kasutan jendeak katuendako jana uzten duela; baina hori katuek jan dezakete, edo baita arratoiek ere".
Kontrolik gabeko suteak
Santa Marinan Granadosekin geundela Miguel Valladolid Rioja agertu zen. Rioja-k ortua dauka han, eta azaldu zuen hainbat jabek ortuak ez dituztela ondo zaintzen. Hildako animaliak egoten direla ere gaineratu zuen.
Bestalde, auzotarrak ortuetan egiten dituzten sute txikiez kexu dira. "Belarrak erretzen dituzte inongo begirunerik gabe. Hemen bizi garenok ezin dugu arroparik zintzilikatu, ezta leihoak zabalik izan ere", dio Granadosek. Hala, orain dela bi hilabete udaltzainei deitu egin behar izan ziela gaineratu du, su hartu zuelako zati batek. "Ezin da norberak nahi duen lekuan sua egin!", gaineratu du.
Santa Marinako auzotarrek eskatzen dute ortuak Garagartzako ortuak bezala kontrolatuta eta zainduta izan dezatela.