Amaia Lizarantzu: "Zuk sortu duzun zerbaitekin ikusleak ondo pasatzea gauza handia da"

Jon Berezibar 2011ko irailaren 5a

Oholtza gainean sentitzen duen hori kontatzeko hitzak falta zaizkio Amaia Lizarantzuri (Arrasate, 1985). Antzerkia ikasi eta Anaki obra multimediarekin dabil gaur egun antzokietan.

Lanbide gogorra aukeratu duzula esango dute askok.
Orain Anaki lanarekin nabil, eta, oraingoz, nire asmo bakarra horrekin jarraitzea da, benetan gustura nabil-eta. Gorputzak eutsi artean jarraitzeko asmoa daukat. Momentu baten lan barik eta ezer aurkitu ezinda banabil, beste zerbaitetara dedikatuko naiz.

Zein da zure motibazio nagusia?
Gauzak kontatzea eta transmititu ahal izatea da nire nahia. Zuk sortu duzun zerbaitekin publikoak ondo pasatzea gauza handia da. Oraingoz, ez dut nire kabuz askorik sortzeko aukerarik izan, baina uste dut hori izango dela.

Oholtza gaineko une hori hain da berezia?
Berezia da unea bera; izan ere, aurretik, adibidez, oso txarto pasatzen dut. Irten aurreko momentu horrengatik izango balitz, atera ere ez nintzateke egingo. Jolas momentua da niretzat.

Txikitan igartzen ei zaizue aktoreei sena.
Ganbaran badaukagu oraindik ere mozorroz betetako kutxa handi bat eta horrekin jolasten ginen ahizpa eta biok, eta lagunak. Etxera etortzen ziren guztiekin mozorrotzen ginen eta ezpainetako margoa hartuta aurpegia eta gorputza margotu eta horrela ibiltzen ginen. Pailazo samarra izan naiz beti.

Etxean ez zitzaizkizun harrituko, hortaz, aktore izan gura zenuela esatean?
Beti izan dut etxekoen babesa. Hala ere, beste zerbait ere ikasi nuen, Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapena (TAFYD). Hasieran, Bilbora ikastera joan nintzenean, goizez amateur moduan ibiltzen nintzen antzerkian eta gero ikasi egiten nuen.

Sinesgaitza izanik ere, antzezleak lotsatiak ei zarete.
Hala naiz ni ere. Elkarrizketa honek ere ematen dit lotsa. Agertokian pertsonaia zara, beste bat, eta ezberdina da. Agian, betiko erantzuna da hori...

Ezaguna bazara egunen baten, beraz, komeriak!
Planteatuta ere ez daukat hori. Pentsatzen dut prozesu bat izango dela. Okerren, baina, nire ahizpak pasatuko du, bikiak gara-eta, eta hura agurtuko dute! Ezaguna izatea, baina, ez da nik nahi dudan gauza bat.

Anaki haurrentzako lana izanda, ondo moldatzen zara txikienekin?
Oso ondo, gardenak dira-eta umeak, eta berehala ikusten da zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Gainera, datozen hilabeteetarako saio ugari irten zaizkigu eta oso pozik gaude. Ea gaztelerazko bertsioa ere egin dezakegun.

Bestela, askotan joaten zara antzerkia ikustera?
Ahal bezain beste bai; izan ere, obra bat ikusten, interpretatzen bezain beste disfrutatzen dut. Ikusten, hori bai, askoz ere gutxiago sufritzen dut. 

Ze lanek gozarazi dizu gehien azkenaldian?
Luis Merlo Tócala otra vez Sam obran, Donostia ikusi nuen orain dela gutxi. Oso lan ona iruditu zitzaidan.

Drama bat gustura hartuko zenuke?
Oso. Baina baita komedia ero bat ere. Anaki-rekin batera beste obra bat aldi berean egin ahal izatea perfektua izango litzateke.

Casting-ek gogor fama daukate. Hala da?
Nik egin ditudanetan, behintzat, ondo portatu dira nirekin. Asko mugitu beharra dagoen mundua da eta niri, tamalez, asko kostatzen zait. Casting guztiak dira beldurgarriak niretzat, baina, era berean, beti izan dira atseginak. Casting-a egiten dizutenak ere aktoreak dira eta badakite zer den hor egotea.

Egingo zenuke proba Euskal Herritik kanpo?
Niri hemen lan egitea gustatuko litzaidake, bertako istorioak kontatzea. Ez dago nire planen barruan, baina batek daki bihar Madrilen, Frantzian edo Argentinan egongo naizen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak