Rafael Zeziagaren familiak botila barruko hiru miniatura eman dizkio Udalari

Usoa Agirre 2011ko irailaren 2a

Rafael Zeziagaren familiak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Arrasatekin lotura duten botila barruko hiru miniaturako artelan eman dizkiete Arrasateko Udalari. Zeziaga Argentinara joan zen gazte zela, baina beti izan zuen Arrasate bihotzean.

Frankismotik ihesi

Rafael Zeziaga Kortazar 1935ean jaio zen Arrasaten eta 14 urte zituela Argentinara joan zen, Buenos Airesen bizi zen aitarengana. Rikardo Zeziaga, Rafaelen aitak, frankismotik erbesteratu behar izan zuen han. Miliziano errepublikarra izan zen Rikardo eta Espainiako gerran aritu zen Tatxo Amilibiaren laguntzaile moduan. Aita hil ostean, Tatxo Amilibia Frente Popularreko Gerra Komisario izandakoarekin hazi zen Rafael Zeziaga.

Rafaelek aitarengandik eta haren generaziokoengandik jaso zuen ideologia internazionalistari eutsi zion bizi zen artean eta ideologia horren erakusle dira botila barruan gordetako miniaturazko artelan hauek.

Arrasaterekin lotura duten artelanak

Rafael Zeziaga euskalduna zen, maite zuen Argentina, baina halaxe esaten zien alabei: "Ni ez naz hemengoa, ni Arrasatekoa naz". Arrasateartasuna ere nabari da artelanetan, askok baitute  Arrasaterekin lotura zuzena. Arrasateko udaletxea, Markiegi etxea, eta Portaloia miniaturan daude botila barruetan, guztiak ere injustiziaren aurkako mezuren batekin.

Lan horiek dira, hain zuzen ere, Zeziagaren familiak Udalari eman dizkionak. Rafaelek berak Intxorta 1937 Kultur Elkarteari eman zizkion duela urte batzuk eta orain, elkarteak berak Zeziaga familiarekin batera Arrasateko Udalari eman dizkie.

Udalaren izenean Inaxio Azkarraga-Urizar alkateak egin du berba ekitaldian eta familiari eskertu dio artelanen dohaintza.

BAZen erakusgai

Udalaren nahia da ahalik eta arrasatear gehienek ikusteko moduan jartzea Zeziagaren artelan hauek. Oraindik zehazteke badute ere, BAZeko bulegoan erakusgai jartzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak