Zer moduz eman duzu uda?
Uztailaren 21ean hartu genuen kargua eta 26an hasi nintzen lanean. Harrezkero, lanean jardun dut, baita abuztuan ere. Buru-belarri. Lehenbailehen ardura berrietara egokitu nahian.
Zelan egin duzue aurreko gobernuaren eta zeuenaren arteko ardura aldaketa?
Nire departamentuan ez dugu arazorik izan. Aurreko diputatuarekin, Malentxu Arruabarrenarekin, ez dut harremanik izan, baina bai zuzendariarekin, eta esku aldaketa ondo joan da. Badakit, hala ere, beste sail batzuetan arazoak izan dituztela. Halakoetan, herritarrak hartu behar ditugu aintzat eta ez alderdikeriak.
Aurrekoek egindakoa aldatzeko asmoa duzu?
Egingo ditugu aldaketak, egitasmoak egokituko ditugu gure nahietara, baina ez dugu aurretik ondo egindakoa hautsiko. Ez naiz apurtzailea, eraikitzailea baizik. Ez gaude lana alferrik egiteko. Praktikoak izan behar dugu, bereziki une zailotan.
Zeure departamentuko lan ildo nagusiak zeintzuk izango dira?
Oraindik ezin dezakegu aurreratu hori. Ailegatu berriak gara, beste alderdi bat egon da lau urtez gobernatzen Arabako Diputazioan eta oraindik goizegi da gure asmoen berri emateko.
PPrekin euskarak atzera egingo du Araban, batzuek dioten moduan?
Hori diotenek fede txarrez dihardute. Ezagutzen nautenek badakite euskararen alde egingo dugula bai nik eta baita neure alderdiak ere. Euskararen Aholku Batzordeko kide naiz eta izan nintzen Ibarretxe eta Baztarrikaren garaian.
Gero eta euskaldun gehiago dago Araban ere, baina erabili, zenbateraino erabiltzen da?
Gero eta euskaldun gehiago dago lurraldean, batez ere gazte jendea, baina erabili gutxi egiten da. Horrek arduratuta gauzka, baita Euskaltzaindia bera ere.
Zer egin daiteke Arabako Diputaziotik euskararen erabilpena bultzatzeko?
Zaila da. Zer egiten dugu hedabideekin? Jendea errazera doa. Gaztelaniazkora doa. Gaztelania indartsua da. Zer egingo dugu? Euskaraz egitera eta irakurtzera behartu? Ez. Isunak jarri? Ez. Gozokiak eman? Ez. Kontrakoa lortuko genuke. Eta diru-laguntzak ez dira soluzioa.
Geu aldizkaria argiratzen zen lehen Gasteizen. Euskarazko aldizkari bat bera ere ez dago orain Araban. Diputazioak diruz lagunduko luke euskarazko proiektu berririk?
Zabalkundearen arabera. Aldizkari bat finantzatu behar badugu, ziurtatu beharko dugu irakurlearengana heltzen dela eta haiek aintzat hartzen dutela; hau da, irakurtzen dela. Bestela, dirua zaborrera botatzea litzateke. Errealistak izan behar dugu. Eta efizienteak. Ez gaude dirua botatzeko.
Euskararen Aholku Batzordearen zeregina, eginkizunak, lanak… mantsotu egin dira Lopezekin?
Egin ditugu batzarrak eta lan arloak zehaztu dira, batzorde ezberdinetan. Baztarrikaren denboran ezarritako oinarriak garatzen dihardugu. Hala ere, esan gura diet alderdi abertzaleei Euskararen Aholku Batzordea Lopezekin lehen aldiz batzartu zenean, hasi orduko, hasi zirela kritikekin, Urgellen eta Lopezen aurka. Eta iruditzen zait eraso horiek tokiz kanpo daudela.
Zeintzuk dira Arabak kultura, euskara eta kirol alorretan dauzkan premia nagusiak?
Alor guztiak dira garrantzitsuak eta guztietan daude lehentasunak. Eskola kirola bultzatu gura dugu eta horri emango diogu lehentasuna. Kultura alorrean, gauza batzuk aldatu gura ditugu, ez daudelako modu egokienean antolatuta, eta, bestalde, Diputazioko bertako lan taldeak, teknikarien lanak, indarra hartuko du, kanpora atera beharrean edo beste erakunde edo elkarte batzuk diruz babestu beharrean. Beti esan dudan moduan, ez zaizkit gustatzen txiringitoak.
Aurreko agintaldian hainbat euskara teknikari berri lanean hasi ziren Arabako eskualde edo koadriletan. Horiei eutsi egingo diezue?
Baloratu egin behar dugu. Aztertu funtzionatzen duten edo ez. Errentagarritasuna topatu. Inbertsioak merezi izan duen edo ez baloratu. Eta ondoren, erabakiak hartu.
Hiribururako ez ezik, herrialde osorako lan egingo duzu?
Argi daukat Arabako diputatua naizela, ez Gasteizkoa bakarrik, eta Aramaio Araba da. Abuztuan egon naiz Aramaion organo jaialdi baten. Lurralde osoa ari naiz ezagutzen. Oso aberatsa da Araba kulturari edo arkeologiari dagokionez.
Ze gertatzen da Iruña Veleian?
Bulegoko mahaiaren gainean daukat Iruña Veleiaren gaineko txosten mardula. Uda osoan ari naiz horrekin. Gaia epaitegian dago eta han egingo du bidea. Epaileek erabakiko dute. Baina, bestalde, hamar urterako egitasmo bat dago zehaztuta aurreko agintalditik eta hari helduko diogu. Iruña Veleia oso aztarnategi baliotsu eta garrantzitsua da eta guri dagokigu zaintzea.
Erabaki duzu zer egin Arrasateko Udalean?
Utzi egingo dut kargua, ez direlako uztagarriak bi zereginak, eta niri gauzak ondo egitea gustatzen zait. Ezinezkoa zait Araban diputatu eta Arrasaten zinegotzi izatea. Ezin ditut lan biak ondo egin eta Arrasaten oso noizbehinka ez dut agertu nahi. Herritarrei iruzur egitea izango litzateke. Noiz gauzatuko den oraindik ez dakit, baina, seguruen, Gema Fernandez izango da nire ordezkoa, hauteskunde zerrendan bigarren postuan joan zena. Gasteiztarra bera.
PPk gutxiengoan gobernatuko du Araban. Zentsura-mozioaren beldurrik ikusten duzue?
Dena da posible politikan, baina arabarrek ez lukete ulertuko, PP Araban lehen indarra izanda, EB-Berdeekin inbestiduran gertatutakoak gertatuta… Jeltzaleek bat egingo balute Bildurekin eta EB-Berdeekin zentsura-mozioa aurkezteko, haien kontra egingo lukete herritarrek.
Krisiak zelan eragin dizue?
%9 jaitsi dira sarrerak. Horren ondorioz, aurtengo aurrekontua murriztu egin beharko dugu eta, bestalde, datorren urteko aurrekontuak ere txikiagoak izango dira. Hala ere, gutxirekin gauza asko eta jende guztiarendako egin daitezke.