Abuztua, ondo aprobetxatuta?
Bai, inoizko abuztu onena izan dudala esango nuke, nire maila onenetik gertu egon naizelako, eta hiru torneo irabazi ditudalako.
Gabonetan izandako arazo fisikoek ez dute denboraldia inondik inora ilundu.
Ez, atseden hartu behar izan nuen, eskuetako minaz jokatzen ez nuelako jarraikortasunik, eta halakoetan konfiantza galtzen delako. Udaberrian hasi nintzen errekuperatzen, Gipuzkoako selekzioaz jokatzen hasi nintzenean. Jarraikortasuna izatea ezinbestekoa da pilotari batendako.
Abuztuan bakarrik ez, denboraldian zehar ere hainbat txapel irabazi dituzu –Lezon ala Getxon, esaterako. Txapel guztien artean, zeinek egin dizu aparteko ilusioa?
Antiguon irabazitakoak, izen handigo torneoa delako. Harmailetan jendetza batu zen, eta Arrasatetik jende asko joan zen partidua ikustera. Gainera, telebistaz ere eman zuten partidua eta bikoteak eta biok partidu txukuna egin genuela uste dut.
Entzun dugu Errenteriako finalean zaleak aulkitik altxarazi zenituela.
Beno... Egia esan uste baino errazago irabazi genuen final hura, eta bai, han ere partidu txukuna egin genuen.
20 urte bete dituzu, pilotalekuan geroago eta sendoago ikusten duzu zeure burua?
Bai, bagoaz gauza berriak ikasten. Esaterako, lehen pilotakada bakoitza indarrez ematen ahalegintzen nintzen, baina orain, esaterako, ikasi dut indarrak gordetzen, baina hala ere, pilotakadak segurtasunez ematen.
Gazteago zinenean zure gorpuzkerak abantaila ematen zizun. Orain, zu baino pilotari handiagoak izaten dituzu ondoan, baina joko mailan ez duzu behera egin.
Orain besteak ni baino handiagoak dira [Barre]. Afizionatu mailan gorpuzkeran ez dago gazte mailan egoten den aldea, eta hor pilotari bakoitzak bere arma propioak erabiltzen ditu, edo azkartasuna, edo kolpe ona...
Eta zeintzuk dira Bolinagaren puntu indartsuak?
Esango nuke orain momentuan segurtasuna dela daukadan gauza onena. Gorputzaldi onean banago eskuinarekin kolpe ona dudala uste dut, baina atzelari batendako seguru jokatzea da garrantzitsuena. Aurrelari batek tantoak egin behar ditu, baina atzelariak seguru jokatu behar du.
Debagoienean, azkenean, pilotari batek egin du profesionaletara salto, Mendizabalek.
Asko pozten naiz harengatik, gainera, udan hainbat partidutan ikusi dut, euretako bat pilotalekuan bertan eta maila ona eman duela uste dut.
Badirudi ezin dugula elkarrizketarik amaitu profesionalismoaz galdetu barik. Aurrekoan erantzun zenidan ez dela lehentasuna.
Eta orain ere berdin erantzungo dut. Aurrekoan komentatu zenidanean afizionatuetara salto egin berria nintzen, eta oso urrun ikusten nuen aukera hori. Orain ere antzera; ondo banabil ere nagusiek egurra ematen didate [Barre]. Gutxik egiten dute saltoa.
Ibai Bolinagarekin batera Bergarako Beñat Rezustak ere Antiguoko txapelketa irabazi zuen joan den astean, gazte mailan jokatutako finalean. Hemen dituzue ETBk grabatutako bi finalak.