Itziar Lamarainek utzi egingo du zinegotzi kargua Arrasaten

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abuztuaren 29a

"Ezinezkoa zait Araban diputatu eta Arrasaten zinegotzi izatea. Ezin ditut lan biak ondo egin eta Arrasaten oso noizbehinka ez dut agertu nahi. Herritarrei iruzur egitea izango litzateke". Halaxe, argi eta garbi, adierazi dio Goienari gaur Itziar Lamarainek, Gasteizen, Foru aldundiko jauregian duen bulegoan. Buru belarri dihardu kargu berrira egokitzen. Eta, hala, abuztuan lanean eman du Arabako Kultura, Euskara, Gazteria eta Kiroleko diputatu berriak.

Uztailaren 21ean hartu zuen kargua Itziar Lamarain arrasatearrak. Denborarik galdu barik, lehen egunetik lanean jarri eta opor barik geratu da aurten. "Iruña Veleiaren gaineko txostentzar hauek irakurtzen dihardut" dio, bulegoan, mahai gainean, dituen totxoak erakutsiz.

Arabar guztien diputatu izango dela dio, "ez Gasteizekoa bakarrik" eta, esaterako, Aramaioko alkatearekin ere aurki batzartuko dela. PPrekin euskarak Araban ez duela atzera egingo dio garbi, batzuen "adierazpen maltzurrei" aurre egin nahian. "Euskararen Aholku Batzordeko kide naiz eta euskara bultzatuko dut" dio. Eta aurrekoek ondo egindakoak ez dituela hautsiko: "herritarren zerbitzura gaude eta ezin gaitezke beste batzuek egindakoa apurtzen ibili, harik eta ondo egindakoa baldin bada".

Krisiak Arabako Diputazioan ere eragin zuzena izan duela dio Lamarainek eta aurreikusitakoaren azpitik batu duela Arabako ogasunak, %9 gutxiago hain justu ere. Horregatik, dio, aurtengo aurrekontuan egokitzapenak egin beharko dituztela eta datorren urtera begira "gerrikoa estutu".

Gema Fernandez bere ordezko

Arrasaten zinegotzi kargua utziko duela dio. "Penaz, baina ezinbestez", bi ardurak bateraezinak zaizkiolako. Lamarainen ordezkoa, seguruen, Gema Fernandez gasteiztarra izango da, azken Udal hauteskundeetan Arrasateko PPren zerrendan bigarren joan zenak. "Baina hori erabakitzeke dago oraindik" dio.

Egubakoitzeko Goiena paperekoan argitaratuko dugu Itziar Lamaraini egindako elkarrizketa osoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak