2,5 milioi euro ordaindu beharko ditu Mekanikalaneko ugazabak

Irati Goitia 2011ko uztailaren 27a

Gasteizko merkataritza epaitegiak 2,5 miloi euro ordaintzera zigortu du Mekanikalan enpresako jabea, bere enpresa nahita porrotera eraman zuela ebatzita, bere langileekin eta hornitzaileekin zituen zorrak ekiditeko asmoz.

Mekanikalan Legution zegoen, baina hasiera batean Arrasaten kokatzen zen. Jabea bera ere arrasatearra da. Horren harira hainbat protesta egin zituzten langileek euren egoera salatzeko bere garaian Arrasaten.

Langileek EREan izan ziren sei hilabeteetan ez zirela jarritako baldintzak bete esaten zuten eta gaineratu denbora horretan enpresaren jabeak diru asko hartu zuela bere poltsikorako, besteak beste, langileei egindako lanagatik ez ordainduta. Horrela, jabearen kontuak ikertzea eskatzen zuten. Ugazabak bestalde, enpresak bizi zituen ekonomia arazoak krisiaren ondorio zirela argudiatzen zuen.

Epaiak adierazten du Mekanikalan enpresako jabeak neurriz kanpo puztu zituela kontabilitate liburuak, taleko beste enpresetan eginiko inbertsio finantzarioekin. Horretaz gain, Mekanikalanek taldeko beste enpresentzako lanak egiten zituela zehazten da, baina ez zirela inoiz fakturatzen, eta horrela, bere emaitza beti zela defizitarioa.

2,5 milioi euro

Epaileak Mekanikalaneko ugazaba 2,5 milioi euro ordaintzera zigortu du. Zifra hori aktiboen salmentarekin kitatu ezin izan den zorraren zatia da, langile, hornitzaile, administrazio eta bankuei zor diena. 

CC.OO sindikatuaren iritzia

CCOO sindikatuaren arabera, epaia egokia da, baina gaineratu du ezin daitekeela arrakastaz hitz egin, kasu honek: “kalteak beti berdinek sufritzen dituzten sistemaren injustizia” azalarazten duelako. Sindikatutik gogoratu dute lan gatazka honen ondorioz, 70 langile lanik gabe gelditu direla eta horien indemnizazioak eta langileei ordaindu gabeko soldaten erdiak, Fogasak ordaindu behar izan dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak