Ander Agirre: "Alemaniako industria munduko erreferentea da eta ikasturte osoa dut hori ezagutzeko"

Ander Monedero 2011ko abuztuaren 25a

Ander Agirrek (Arrasate, 1987) Ingeniaritzako ikasketak egiten dihardu Mondragon Unibertsitatean, eta irailean Alemaniara doa karrera amaierako proiektua egitera.

Zerk bultzatu zaitu Ingeniaritza ikasketen proiektua Alemaniara egitera joatera?
Hiru urte egon naiz MUn Ingeniaritza ikasten, eta, errealitate desberdin bat ezagutzeko, kanpora joatea erabaki dut. Esperientzia polita izango da.

Ez da kanpora joaten zaren lehenengo aldia. Ezta?
Ez. Ingeniaritza ikasketak egin aurretik goi mailako heziketa ziklo bat egin nuen eta hiru hilabetez Holandako Eindhoven hirian izan nintzen praktikak egiten. Etxetik kanpo izan dudan lehenengo esperientzia izan zen eta niretzat oso aberasgarria izan zen.

Zergatik?
Bizimodua guztiz aldatzen da. Nabarmenena hizkuntza aldaketa da, komunikatzeko ingelesa erabili behar duzu, eta, hemengoarekin alderatuta, kultura erabat desberdina da.

Herbehereak ezagutzeko aukerarik izan zenuen?
Bai. Hiru hilabetean bidaia asko egin nituen eta Holanda ondo ezagutzeko astia izan nuen.

Ingelesarekin ondo moldatuko zara.
Bai. Hizkuntzak jakitea oso garrantzitsua da, eta kanpoan zaudenean azkarrago ikasten duzu. Ingelesez ez bada ezin zara jendearekin komunikatu. Gainera, gaur egun, ingeniaritza bezalako lanbide batean beharrezkoa da ingeles maila ona izatea, eta horrelako esperientziek asko laguntzen dute.

Eta oraingoan, Alemania aukeratu duzu?
Alemaniako industria munduko erreferenteetako bat da eta ikasturte osoa dut hori bertatik bertara ezagutzeko.

Alemaniako ze hiritara zoaz?
Hof hirira noa. Babaria estatuan dago, Txekiatik gertu eta Munichetik 300 bat kilometrora. 50.000 biztanle dituen hiria da.

Ingeniaritza ikasketak eta lana bateratu egin dituzu. Zaila da biak egitea?
Ez da lehenengo aldia izan, goi mailako heziketa zikloa egin nuenean ere lanean izan nintzen. Orain, Fagor Arrasaten nago lanean, egunean lau ordu egiten ditut. Azterketa garaian gogorra egiten da, gauza asko egin behar dira eta horiek egiteko denbora laburra izaten da, baina biak uztar daitezke.

Zer-nolako esperientzia da?
Asko ikasten da. Ikasten ari naizena praktikan jartzen dut eta gauzak argiago ikusteko balio dit. Klasean teorian emandakoa praktikara nola eramaten den ikusteko aukera izan dut eta esperientzia aberasgarria izan da. Lan merkatuak nola funtzionatzen duen ikasteko aukera izan dut.

Ikasketak alde batera utzita, zeintzuk dira zure zaletasunak?
Kirola asko gustatzen zait: snowboarda, pilota, txirrindularitza… Gaztetxo hasi nintzen snowboarda egiten, gurasoek Errioxako Ezcaray herrian dute etxea eta snowboarda egiten Valdezcaray estazioan ikasi nuen.

Lehiaketaren baten ere parte hartutakoa zara.
Bai. 15 urterekin, Ezcarayko lagunekin batera, denboraldi bukaerako txapelketan parte hartu nuen. Maila oso handia zegoen, baina espero nuena baino aurrerago geratu nintzen.

Lesio larri bat ere izan zenuen.
Neguko aste bukaera guztietan joaten nintzen snowboarda praktikatzera egitera, baina 17 urterekin, Port Aine estazioko snowparkean jausi eta belauneko lesio larri bat izan nuen: lotailua eta meniskoa hautsi nituen. Ustez, ondo sendatu zen, baina aurreko urtean, lagunen arteko pilota partidu baten belauna handitzen hasi zitzaidan eta berriz ere ebakuntza egin behar izan zidaten.

Ziklismozalea ere bazara?
Bai. Uztailean, lagunekin batera Andorrara joan nintzen Tourra ikustera. Asteburua pasatzeko plan bikaina da Tourreko etapa bat ikustera joatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak