"Gaztetxeak Euskal Herrian fenomeno berezi bezain ezinbesteko diren garai honetan, ezinbesteko ikusi dugu gure arteko elkarlan eta elkar ezagutza Arrasateko Gaztetxean", azaldu dute Arrasateko gaztetxeko kideek. Hala, eta aurtengo abuztuaren 6an hasi eta 19ra arte, bizikleta hartu eta gaztetxez gaztetxe Euskal Herriari bira ematea pentsatu dute.
Iparraldea eta Hegoaldea lotuko dute
"Gure gurpilek zazpi herrialdeak zapalduko ez dituzten arren, Iparraldea eta Hegoaldea lotuko dituen ekimena gauzatzea pentsatu dugu", diote antolatzaileek.
Ekintzen artean, Kukutza IIIko erresistentzia brigadak, mural margotzeak, laburmetrai eta dokumental emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako ekimen ugari izango dituzte.
Informazioa jasotzeko aukera
Abuztuaren 1ean bilera informatiboa egingo dute, 18:00etan gaztetxean. Euskal Herriari bira egin gura duenak baina egun horretan gaztetxera joaterik ez duenak aukera izango du informazioa internet bidez jasotzeko arrasatekogaztetxea@gmail.com helbidean.