Mondrako bazkideek ez dituzte aurrekontuak onartu

Xabier Urtzelai 2011ko uztailaren 24a

Mondrako bazkide batzuk ez daude gustura egungo zuzendaritza egiten dabilen kudeaketa ekonomikoarekin, eta egueneko batzar orokorrean bistaratu zen hori. Hala, batzarrean izan ziren bazkideek ez zuten zuzendaritzak aurkeztutako aurrekontuak onartu, eta hori egiteko urtarrilera arte itxaron beharko dute.

Zuzendaritzak 120.000 euroko aurrekontua aurkeztu baino lehen, Patxi De Andres presidenteak 2010-2011 denboraldiko emaitza ekonomikoak eman zituen jakitera, 7.000 euroko galerekin –92.400 euroko sarrerak, 99.500 euroko gastuak, eta hor piztu zen eztabaida.
Zuzendaritzak argudiatu zuen aurten galerak izan dituztela Mondrak lehenagotik dituen zorrak ordaintzen dabiltzalako (45.000 eurokoa, horietako 32.000 autobus konpainiarekin). Eta hor sortu zen eztabaidetako bat, lehengo zuzendaritzako kide batek adierazi zuelako autobus konpainiarekin duten zorrak ez duela behera egin, duela hiru urte horretarako neurriak jarri zituztenean. Eta, De Andresek erantzun zuen autobus konpainiarekin duten zorra kitatu beharrean, Astorekin duten zorraren zati bat ordaintzeko erabili dutela.

Mondra taberna
Batzarrean joan den irailetik zabalik dagoen Mondra tabernaren gainean ere egin zuten berba, bazkideek tabernako kontuak zelan dauden jakin nahi izan zutelako, baina zuzendaritzako kideek ez zituzten kontu horiek batzarrera eraman, argudiatuz, negozioaren kontabilitateaz arduratzen den aholkularitza enpresak balantzea egiteko urtebeteko tartea behar duela, eta oraindik ez dela epe hori igaro. Bazkide batzuk ez daude ados taberna horrekin egiten dabiltzan kudeaketaz, baina presidenteak aditzera eman zuen taberna ondo doala, eta dagoeneko egin zuten inbertsioa errekuperatu dutela. Kirol kudeaketari dagokionez, azkenik, balorazio positiboa egin zuten, mailaz igo diren emakumezkoei aipamen berezia eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak