Dorleta Kortazar: "Modan dago etxe trukaketarena; probatzen duena pozik bueltatzen da"

Mirian Biteri 2011ko abuztuaren 11

Udako oporren harira dauden abantailez egin digu berba Arrasateko Gazte Bulegoko teknikari Dorleta Kortazarrek.

Zeren bila joan dira gazteak?
Txartelak egitera etortzen dira asko. Bide batez, tokien gaineko informazio liburuxka eta gidekin egindako Bidaiateka fisikoa dugu bulegoan, eta hori eskatzera ere etorri dira. Gainera, Interneten, webgunean Bidaiateka ataltxoa badugu.

Zer-nolako txartelak egin daitezke gazte bulegoan?
Askotariko gauzetarako daude. Aterpetxeen txartela dago batetik. Ez da deskontu txartela, aterpetxeetan lo egin ahal izateko balio du. Gazteen txartela atera daiteke; 30 urte bitartekoei eskainita dagoena. Adin horretatik gorakoena helduen txartela izango litzateke, eta familiena ere badago, 16 urtetik beherako seme-alabak dituztenendako.
Taldekoa ere badago, erroldatuta dauden taldeak edo aurten, lehen aldiz, koadrilaka ateratzeko aukera dago. Horren arabera, prezio ezberdinak daude. Urtebeteko iraupena dauka, eta tramitazioa oso erraza da.

Zelan atera daiteke?
Eskaera orri bat bete behar da, bulegotik pasatuta edo Internet bidez eskuratu daitekeena. Jarraian, ordainketa egin behar da bankuan; Internet bidez ere egin daiteke. Ziurtagiriarekin bulegotik pasako dira ondoren, eta txartela jaso.

Zelako abantailak ditu horrek?
Hainbat aterpetxeetan lo egiteko ezinbestekoa da txartela izatea; aterpetxeetan, dena dela, txartela egiteko aukera dago. Baina, atzerriko aterpetxeetan garestiago irteten da ateratzea. Hortaz, plana aurreikusita baldin badugu, gazte txartela izanda, 2,5 euroren truke lortuko dugu.

Zertan datza ikasleen txartela?
12 urtetik gorakoendako da. Mundu osoan erabili daiteke, garraio, museo eta ostatuetan deskontuetan egiteko. Gazte txartela dutenei biengatik ez diete deskontua egiten. Ikasle ziurtagiria eta argazkia behar da hori tramitatzeko. Gainerakoa berdina da.

Osasun txartela izatea ere garrantzitsua da, ezta?
Bai, jende asko horretaz ahazten bada ere. Egia da Debagoienean nahiko babestuta gaudela, kooperatibak direla-eta. Baina, kanpo daudenek, Europako Osasun Txartela lortzeko aukera dute. Bi urteko iraupena du, eta momentuan ateratzen da: Gizarte Segurantzaren bulegoetan egin behar da, lehen aldiz ateratzen badugu; bestela, Internetez egin daiteke. Bestalde, Europatik at doazenendako aseguru bereziak daude.

Ostatuen harira, bestelako aukerak ere badaude...
Hala da. Azkenaldian modan dago etxe trukaketa. Probatzen duena oso gustura bueltatzen da. Hainbat elkarte daude: www.hospitalityclub.org, www.intercambiodecasa.es eta www.couchsurfing.com, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak