Zelan sartu zinen politikan eta Udalean?
Konpromisoagatik sartu nintzen. Ideia batzuen alde nengoen eta hortik abiatuta sartu nintzen. Arrasateko zinegotzi moduan 1995. urtetik 2001. urtera egon nintzen. Lehenengo agintaldian, 1995. urtean hasi zena, Herri Batasunan (HB) nengoen eta 1999. urtean Euskal Herritarrok (EH) alderdian. Euskara, Kultura eta Jaietako ardura izan nuen.
Zelan gogoratzen dituzu garai haiek?
Garai gogorrak izan ziren. Alde batetik, ezker abertzaleak alkatetza gehiengo barik zuelako eta, ondorioz, gauzak aurrera ateratzeko akordioak lortu behar izaten genituelako. Eta bestetik, Arrasate beti egon delako jomugan. Ortega Lara aske uztea, Miguel Angel Blancoren hilketa, Lizarra-Garazi, Xabier Zubizarreta alkatearen atxiloketa... Dena batera gertatu zen eta muturreko egoerak bizi izan genituen oso denbora laburrean. Hor kontraesanak izan ziren.
Zein kontraesan?
Batetik, udal baten eguneroko gaiak zeuden; eta gero, dimentsio publikoko gai handiak zeuden, oihartzun zabalagoa zutenak.
Gertaera handi haiek Udalaren eguneroko jarduna oztopatu zuten?
Ez, bi plano ezberdin ziren. Bata askoz mediatikoagoa zen bestea baino.
Zeintzuk izan ziren Udalean egon zinen artean bultzatu zenituen ekimen garrantzitsuenak?
Euskararen alorrean gauza asko lotuta zeuden gu Udalean sartu orduko. ADErekin elkarlana, Txatxilipurdi eta ARKO (Arrasate Komunikabideak), esaterako. Alde batetik, ARKO ospitale zaharretik egoitza berrira pasatzea izan zen pauso garrantzitsu bat; eta beste bat, Udala Euskaldunon Egunkaria-ren bazkide egitea. Azken hori asko kostatu zen. EAJk eta PSE-EEk ez zuten euren babesa ematen eta asko kostatu zen. Nire lorpen politiko handiena, aldiz, Arrasate Irratia ARKOk, egungo Goienak, kudeatzea izan zen. Eta hori beti esaten dut. Ez zuen zentzurik biak bananduta egotea, jakinik bi taldeek helburu berak zituztela. Hura ere asko kostatu zitzaigun, baina lortu egin genuen. Jaiak ere erronka garrantzitsua izan ziren.
Jaiak berpiztu egin nahi zenituzten?
Jaietan, herrian beti mezu ezkorrak entzuten ziren. Herriko jendea kanpora joaten zela eta horrelakoak. Sanjuanak herri bizi baten ispilu izatea nahi genuen guk. Lan handia egin genuen kultura eta euskara elkarteekin. Geu gara garra lelopean ekimen asko egin genituen. Eta horren ondorio izan ziren AEDk, AEK-k, EHEk eta Eusko Taldeak sortu zuten dragoi-jana eta Txatxilipurdik Eguzki Laru martxan jartzea.
Gaur egun ere ekimen horiek martxan jarraitzen dutela ikusteak ilusioa egiten dizu?
Bai, nolabait esateko. Aurretik ere beste gauza batzuk bazeuden, baina guk, ekimen berri horiek martxan jarrita, zegoen aukera hori zabaldu egin nahi izan genuen. Jaietan ezin ginen geratu sufritzeko, ondo pasatzeko baino. Kultura arloan ere aurrerapausoak eman genituen. Niri, frantziskotarrekin akordiora heltzea egokitu zitzaidan. Monterronek ez zuela funtzionatzen ikusi genuen, eta hor hasi ginen mugitzen.
Baduzu bereziki momentu onen bat gogoan?
Abertzaleen arteko elkarlana eta herri honek bizi izan dituen garai latz guztiak ditut gogoan. Orokorrean esanda, nire ustez, Lizarra-Garaziren momentua une ona izan zen. Herri mailan, aldiz, lehenengo urteko sanjuanak ditut gogoan. Jaien hasiera ez bezala, bukaera ona izan zen, kalejira batekin.
Eta momentu gogorrak?
Asko. Urte gogorrak izan ziren eta Arrasate jomugan egon da beti. Zentsura-mozioa eta hark ekarri zuen oihartzun mediatikoa gogorrak izan ziren.
Barruan egonda, Udalarekiko zenuen ikuspegia aldatu egin zen?
Ez horrenbeste. Pertsonalki hartu nuen erronka izan zen eta herri bat kudeatzea ez dela erraza konturatu nintzen.
Urte haiek nostalgiaz gogoratzen dituzu?
Garai emankorrak eta politak izan ziren; aberasgarriak niretzat. Orain, orduan zentsura-mozioan parte hartu zutenak Bildun daudela ikusteak poztu egiten nau.