Zein da bidaiaren helburua?
Nirea, ongi pasatzea eta bide batez ingelesa praktikatzea. Begirale moduan etorri naiz, Barnstaple herriko auzo batera. Klaseak egunero Bideford-eko Kingsley School-en izaten ditugu eta nire lana da bertako irakasleei behar duten edozertan laguntzea.
Horrez gain, ikasleei era guztietako ekintzak antolatzeaz arduratzen naiz –beste begiraleekin batera– eta baita ikasle guztiak gustura sentiarazten eta gure babesa uneoro ematen. Izan ere, askorendako lehen esperientzia da Euskal Herritik urrun, ohitura desberdinak dituen familia ingeles batean, eta ez da batere samurra izaten.
Nola suertatu zitzaizun aukera?
IBEX erakundeak aurretik ikasle moduan etorritako pertsonak ekartzen ditu begiraleak izan daitezen. Kontua da orain bospasei urte ikasle moduan etorri nintzela IBEX-ek antolatzen duen egonaldi honetara. Iaz deitu zidaten eta bitan pentsatu barik baiezkoa eman nuen. Aurtengoa nire bigarren urtea da hemen.
Egia esan, ongi moldatzen naiz. Begiraleen arteko giroa bikaina da eta horrek dena errazagoa izatea ahalbidetzen du. Gainera, ikasle moduan lehenago etorri naizenez, bertako dinamikara ohitzea ez da batere zaila izan; hori da, hain zuzen, daukagun abantaila nagusietako bat: begiraleak ez gara zerotik hasten, guretzako hau ez da berria eta, beraz, erraza da moldatzea. Familiari dagokionez, oso pertsona onak dira eta oso ongi tratatzen naute.
Zer da Barnstaple-tik gehien gustatu zaizuna? Eta gutxien?
Barnstaple Devon-eko konderriaren barruan dagoen 34.000 biztanle inguruko herria da. Herritik gehien gustatzen zaidana da bertako jendea adeitsua dela; batez ere, jende heldua. Pub-etan egoten den giro bikaina ere ezin ahaztu, ezta bidegorriak ere. Bidegorri bukaezinak daude, eta zoragarria da bizikleta hartu eta alde batetik bestera bertako paisaiez gozatuz ibiltzea. Gainera, dena da laua; hemen ez daude Arrasaten dauden mendi altu eta politak.
Gutxien gustatzen zaidana da hainbat adin txikiko ingelesek guganako duten jarrera mespretxagarria. Kanpoko ikasle ugari daude hemen eta euren gustukoak ez garela dirudi. Ikasleekin herriko parkean gaudenean, esaterako, zirikatzera etorri izan dira eta noiz edo noiz izan dugu arazotxoren bat. Gustatzen ez zaidan beste kontu bat elikadura da. Supermerkatuan aurrez prestatutako jaki asko daude. Eta nola ez, eguraldia! Oso irregularra da eta, beraz, aterkia beti eraman behar da gainean.
Nola zabiltza ingelesarekin?
Ez dut ulertzeko arazorik izaten, baina batzuetan nire etxeko emakumeari –60 urte inguruko bikote batekin bizi naiz– ulertzea kostatu egiten zait, azkar hitz egiten dute-eta [barreak].
Hala ere, hizkuntzarekin lehengo freskotasuna galdu dudala nabaritzen dut. Ongi etorriko zaizkit 23 egun hauek freskotasun hori berreskuratzeko.
Zerbait gaineratzerik nahi?
Devon konderriko iparraldea bisitatzera gonbidatu nahi dut jendea. Oso txoko polita da.