Etxean dira Imagin Cup lehiaketan New Yorken izan diren hiru ikasle arrasatearrak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 22a

Gustura itzuli dira etxera Imagine Cup lehiaketan, New Yorken, izan diren hiru mondragoetarrak. Microsoftek antolatzen duen mundu mailako lehiaketan, beste 400 lagunekin neurtzeko aukera izan dute. Esperientzia "ahaztu ezinekoa" izan dela esan digute Javier Sierrak, Josu Lopezek eta Aitor Akizuk, MUko Goi Eskoa Politeknikoko hiru injinerutza ikasleek.

Saririk ez dute jaso, baina eurentzat saria izan da finalera heltzea. "Opari ederra". Espainia mailan aurre aurrean gertu ostean, New Yorkeko finalerako sailkatu ziren eta hara joatea "irabazle geratzea" izan dela diote. Esperientzia oso polita izan da. "Asko ikasi dugu eta harreman onak egin ditugu han, mandu mailako 400 ikasle elkartu gara-eta" diote. Astebete eman dute Manhatanen. Xabier Mardaras izan da haien aholkularia proiektuan.


"Amerikar erara"

Dena "amerikar erara", oso ondo, antolatuta zegoela diote. Guztia eskainita eta diruari begiratu barik: "Pentsa, egun batean Liberty Island uhartea bera ere guretako itxi zuten…".

Euren kategorian, Sistema txertatuetan, 20 talde ziren, mundu osoko 20 proiektu lehian. Lehen fasea gainditu zuten, 15 onen artean geratuz. Baina ez zuten aurrera egin.

Proiektu egingarria

"Uste dugu gure proiektua ona dela. Egingarria eta erabilgarria. Energia aurrezteko sistema garatu dugu. Esate baterako, kaleko farolen energia kontsumoa arautu eta murritzeko, ordenagailu bidezko sistema proposatzen dugu" diote.

Orain dabiltza patenteak-eta egiteko paper kontuekin. "Gustatuko litzaiguke egunen batean gure sistema hau eguneroko zereginetan erabiltzea" diote.


Garaian "oso pozik"

Garaia Berrikuntza Gunean dagoen Microsoft Innovation Centerreko zuzendaria, Natividad Errasti, ere oso pozik azaldu da mondragoetar hauen proiektuarekin eta aurre-aurrera ailegatu izanarekin. Ikasleek asko ikasi dutela diosku. "Lehen aldia izan da, baina aurrerantzean ere antolatuko dugu eta bultzatuko ditugu halako ekimenak Arrasateko Microsoftetik. Gure helburua da Mondragon Unibertsitatearekin eta bertako ikasleekin loturak indartzea, oso esperientzia positiboa delako inondik inora". Esan digu.

Proiektu irabazleak Bangladesh, Brasil, Danimarka, Frantzia, Grezia, Irlanda, Korea, Polonia, Errumania y Taiwangoak dira.

Munduko "arazo zilenei aurre egin"

Aurten lehen aldiz antolatu den Imagine Cup lehiaketaren helburua da teknologia berrien ikasleen artean berrikuntza sustatu eta saritzea, Mundu mailako arazo globalei erantzuteko proiektuak garatuz, hala nola: errepideetako segurtasuna bultzatzeko, sute arriskuak saihesteko, pobreziaren desagerpenaren alde egiteko edota ingurune jasangarriagoak garatzeko.

Microsoftek aurreikusi du 3 milioi euro inbertitzea hurrengo hiru urteotan, betiere, "munduko arazo zailenei aurre egiten laguntzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak