Maitane Gallastegi: "Emakumezkoen Bartzelona eta Reala ekarri nahi ditugu"

Xabier Urtzelai 2011ko uztailaren 22a

Datorren denboraldia ederra izango da Mondrako emakumezkoendako. Gipuzkoan bigarren mailan lehiatuko diren lau taldeen artean egongo da Mondra –Athleticen kontra hasiko dute liga, Lezaman– eta taldearen urteurrena ere ospatuko dute, duela 25 urte sortu zutelako Rosi Catangak eta Roman Lopezek emakumezkoen Mondra. Maitane Gallastegik (Arrasate, 1982) urtetan jatzin du elastiko zuri-morea, eta orain, zuzendaritzatik dabil urteurreneko ekimenak kudeatzen.

Zelan ospatuko duzue urteurren hori?
Hasteko esan zazpi-zortzi laguneko taldea osatu dugula urteurreneko ekitaldiak antolatu ahal izateko. Hala, ligako bigarren jardunaldian, etxean jokatzen dugunean, omenalditxoa egingo diegu Rosi Catangari eta Roman Lopezi, eta, udazkenerako emakumezkoen Reala eta Bartzelona ekarri nahi ditugu lagunarteko partidua jokatzera.
Gastu horiei aurre egiteko kamisetak atera ditugu, eta Mondrako tabernan daude salgai. Irailetik aurrera, berriz, Mojategiko tabernan ere jarriko ditugu salgai. Dena dela, 25. urteurrena datorren urtean beteko da, 2012an, eta orduan ere gauza gehiago antolatuko ditugu. Esaterako, Emakume Txokoko arduradunekin egon nahi dugu, kirolariak ekarri eta eurekin batera berbaldiak antolatzeko.


Neskek kategoriaz igo izanak ere lagunduko du urteurrena ospatzen.
Izan ere, hori da urteurrena ospatzeko modu onena. Ez dakigu zaleek zelan erantzungo duten, baina emakumezkoen taldea bultzatzen ahaleginduko gara. Kategoria horretako beste talde batzuek esan digute sarrera kobratzen hasteko, baina hori baino gehiago, gure asmoa izango da nesken partiduak ikusteko txartel bereziak ateratzea, bazkide-laguntzaile moduan-edo.


Kategoria berrian alde handia egongo da?
Zorionez ez dugu Zaragoza aldera joan behar izango, aurten beste multzo batean geratu direlako. Horrek izugarri garestituko luke kategoria, asteburu-pasa joan beharko ginatekeelako Zaragozara. Euskal Herriko taldeekin batera Errioxakoen kontra ere jokatuko dugu, eta egun bateko irteerak izango dira. Kontuan izan Mondraren gainetik kategoria bakarra geratuko dela emakumezkoen futbolean, gu bigarren mailan izango gara, eta Reala edo Bartzelona moduko taldeak lehenengo mailan [Orain arteko Superliga izena desagertu egin da, aurrerantzean lehenengo maila izango da].

Bestalde, oraindik ezin dugu aurreikusi taldeak ze maila emango duen. Lagunarteko bat jokatu genuen Añorgaren kontra, eta 4-4 berdindu genuen. Baina, ez dakigu zenbaterainoko seriotasunarekin jokatu zuten eurek.


Aldaketa handiak izango dira taldean?
Jon Zuloagak eta Andoni Ezkurrak jarraituko dute entrenatzaile modura, eta lau fitxaketa egin ditugu. Ainhoa Lete (Eibar), Melani (Gasteiz Cup), Maialen Esnaola (Bergara) eta Izaskun Usabiaga (Tolosa). Gainontzekoak iazkoak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak