Martxoaren bukaeran entsegu lokaletan lapurtu zuten eta lapurretei aurre egin eta oro har lokalaren itxura "hobetzeko" asmoz sortu zen Graffiti Jaia. "Material dexente lapurtu ziguten. Gero lokalaren itxura hobetu eta segurtasun neurriak aldatzeko jai hau egitea pentsatu genuen. Horrela, guztion artean margotu dugu lokala", azaldu du Oihan Vitoria Depos elkarteko kideak.
Lokala urrun dagoenez, Udalaren aldetik pixkat "alboratuta" sentitzen direla diote elkartekoek. "Udalak lokal hauek ditu baina ez digu laguntzen. Lapurtu zigutenean bai etorri ziren, baina bestela dena guk kudeatzen dugu". Bide horretatik, elkartea osatzen eta lokala erabiltzen duten lau taldeekin arreta gehiago edukitzeko eskatzen dute Deposekoek.
Dena den, txingor euritan ere aurrera egiteko gaitasuna dute Deposekoek eta umorez, jai giroz zipriztinduta, egin dituzte txukunketa lanak. "Janaria ere ekarri dugu, jaira jende gehiago erakartzeko. Guztira, hamabost bat lagun elkartu gara".
Ate berriak
Lapurretak gertatu zirenetik, lokala hutsik egon da, ez du inork erabili. Eta lapurtutako materiala oraindik orain ez dutela berreskuratu gaineratu dute. "Udaltzainetan salaketa jarri genuen baina ez dugu ezer lortu. Gero, ate berriak ipini bitartean, lokala hustu egin genuen eta gure etxeetara eraman genuen geratzen zen materiala".
Orain, aldiz, atzo eta gaur lokala txukundu eta gero, segituan, datorren aste bueltan, berriro bertan entseatzen hasiko direla aurreratu dute.