Itziar Lamarain PPko zinegotzi arrasatearra izango da Arabako Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 19a

"Joan zen astean jaso nuen Javier de Andres diputatu nagusiaren deia eta atzo egin zuen ofizial". Hala baieztatu dio Goienari Itziar Lamarainek. Arabako Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua izango da. Eguenean aurkeztuko du De Andresek Arabako Foru Gobernua, 11.00etan, Diputazioaren jauregian.

Berria eta proposamena "ustekabez eta ilusio handiz" hartu duela esan digu Lamaraienek. Izan ere, haren itxaropena eta ustea zen batzarkide izendatuko zutela Arabako Batzar Nagusietan, behin PP Aldundira iritsita. Itziar Lamarain 14. postuan aurkeztu zen azkeneko hauteskundeetan Arabako Batzar Nagusietara, Gasteizeko barrutirik. PPk 13 batzarkide lortu zituenez, Gasteizen, batzarkide izateko mugan geratu zen. Baina, batzarkideren bat diputatu izendatuko zutela ziur zegoen Lamarain. Horregatik uste zuen batzarkide izendatuko zutela eta hala adierazi zuen Lamarainek Arrasate Irratian duela aste bi.

Orain, ordea, Arabako Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua izateko proposamena jaso du eta onartu egin du.

Udala eta Diputazioa?

Lamarainek ez du argi oraindik Arrasateko Udalean zinegotzi izaten jarraitu ahal izango duen. Dio "harro eta gustura" dagoela Mondragoeko Udalean egiten duen lanarekin eta nahiko lukeela jarraitzea, baina "zail" ikusten du bi lanak bateratzea. "Uda pasatzen utziko dut eta ondoren erabakiko dut". Oporrak eguzkitan ez dituela igaroko esan digu, halere. "Opor gutxi aurten. Hilabete bat irabazi gura dut eta lehenbailehen pilak jartzen hasi" esan digu.

Euskararen "defendatzaile sutsu"

Arabako Euskara, Kultura eta Kirolaren ardura edukitzea "ohorea" dela eta harro dagoela dio Lamarainek. "Euskararen defendatzaile sutsua naiz eta babestu eta bultzatuko dut, baina, era berean, elebitasunaren aldekoa naiz; hemen, bi hizkuntza ditugu eta bien aldekoa naiz" dio. Era berean, euskal kultura babestu eta bultzatzeko gogor lan egingo duela dio: "Euskal kultura anitza da, ez da ikuspegi bakarrekoa, eta denak babestuko ditut. Oso liberala naiz alde horretatik, bat ere dogmen zalea".

Aurreiritzi barik doala dio, "folio zuriarekin, idazten hasteko gogoz".

Itziar Lamarain Zenitagoiak 65 urte ditu, arrasatearra da jaiotzez, baina "bizitza erdia" egin du Gasteizen. Han bizi da. Arrasateko Udalean bi agintaldi egin ditu PPko zinegotzi eta oraingoa hirugarrena du. PPk Arrasaten duen zinegotzi bakarra da. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide ere izana da. Bi seme alaba ditu eta alarguna da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak