Zorionak!
Eskerrik asko.
Espero zenuen horrelako emaitzarik?
Espero nuen txapelketa irabaz nezakeela, baina nik marka egitea gura nuen eta hori ez dut lortu.
Marka hobetzera joan nintzen. Pista estalian nire marka 3,82 metro da eta Europako txapelketara joan ahal izateko marka 3,85 metro da. Hori lortzeko entrenatzen ibili naiz; Espainiako txapelketa oso ondo hasi nuen eta konturatu orduko 3,85eko neurria geneukan egiteko. Baina ezin izan nuen egin, eta hiru zentimetrogatik ez naiz joango Estonian jokatuko den txapelketara.
Hurrengo urtean izan beharko du!
Bai, hurrengo urtean Munduko txapelketa jokatuko da; ea zortea dudan!
Esan behar da ez dela lehenengo aldia Espainiako txapelketa irabazten duzuna.
Kadete mailan jokatu nuen lehenengo Espainiako txapelketa, orain dela bost urte. Gero, urtero joan izan naiz Espainiako txapelketara. Iaz, Nerjan Espainiako txapeldun geratu nintzen eta eskola artean ere bi aldiz izan naiz txapelduna.
Nolakoa izaten da zure egunerokotasuna?
Astean bost egunetan entrenatzen dugu. Egun bakoitzean gorputzeko atal bat lantzen dut. Pisua egiten dut, serieak, ariketak, jauziak... Hala ere, entrenamenduak moldatu egiten ditugu Espainiako txapelketaren arabera.
Egunero entrenatzearen gogorrena zer izaten da?
Gogorrena da neguan hemen entrenatu beharra. Mojategin hotz handia egiten du, eta pistak kanpoan daudenez... Eskatu genuen baimena negu partean koltxoneta Musakolako frontoi batera sartzeko, baina ez ziguten baimenik eman. Neguan ezin da saltorik egin; hotz eta euria egiten du.
Neguan, hortaz, ez duzue saltorik egiten?
Kanpora joaten gara, Donostiara.
Arrasaten maila ona duzue pertika jauzian.
Malen Ruiz de Azua dago, emaitza onak lortu dituena. Gainera, beste bi neska hasi berri dira eta Iztar ere badabil.
Nola hasi zinen atletismoan, eta batez ere pertika jauzia egiten?
Lagun batek animatuta hasi nintzen atletismoan. Urtebete geroago Jonathan Perezekin hasi nintzen pertika entrenatzen.
Nire asmoa ez zen hau egitea, baina Jonathanek animatu ninduen; pertika egiteko balio nuela esan zidan.
Zerk erakarri zaitu kirol honetan jarraitzeko?
Garbi dago kirol honetan asko entrenatu behar dela eta gogorra dela. Mojategin egunero egoten gara gainera; udan, adibidez, lagunak igerilekuan daudenean, gu entrenatzen egoten gara. Baina, aldi berean, Espainiako txapelketa bat irabazteak sentiarazten dizuna izugarria da. Hortaz, sufritu duzun guztia ahaztu egiten da horrelako zerbait lortzen duzunean.
Ze ezaugarri behar dira pertika jauzian ondo ibiltzeko?
Indarra behar da. Hanketan, hasierako korrika tartea ondo egiteko; eta, gerritik gora ere nahiko indartsua izan behar duzu.
Pertikak aldatu egiten dituzue hobetzen zoazten heinean.
Hori beste kontu bat da. Mojategiko pistak egin zirenean bederatzi pertika eman zizkiguten; baina, gaur egun nik ezin ditut erabili hasieran erabiltzen nituen berak. Aurrera noan heinean pertika berriak behar ditut: luzeagoak eta gogorragoak.
Alde horretatik, kirol garestia dela esan daiteke. Beste herri batzuetako elkarteek –Madril, Bartzelona...– pertika askoz gehiago dituzte. Baina, guk ez dugu inongo laguntzarik izan eta pertika guztiak guk lortu ditugu. Hori dela-eta, Donostiako Athletico San Sebastian taldean nago. Nik kobratzen dudan dirua erabiltzen dut pertikak erosteko.
Bizitzako beste arlo batzuetan bezala, pertika jauziak ondo egiten ikasi arte hainbat eroriko izango zenituen.
Bai, hasi nintzenean hainbat eroriko izaten nituen. Gainera, hasi ginenean Iturripen entrenatzen genuen eta han ez zegoen koltxonetarik... Egia esan, orain beldur gehiago dut; lehen ez genuen beldurrik izaten.
Kirol honetan oso garrantzitsua da beldurrik ez izatea. Korrika zoazenean eta koltxonetara iristen zarenean beldurturik baldin bazoaz, geratu egiten zara eta ez duzu daukazun guztia ematen.
Euskal Herri mailan Naroa Agirre da erreferente.
Bai, beti jarraitu izan dugu. Gainera, Donostian entrenatzen dugunean berarekin egoten gara. Bera izan da onena.
Aurrera begira zein izango da zure asmoa?
Orain oporrak hartuko ditut, eta irailean berriro hasiko naiz entrenatzen. Aurrera begira, baina, Joko Olinpiarretan parte hartzea gustatuko litzaidake. Hori izango litzateke gehien gustatuko litzaidakeena.