Gary Cooper garaile, Zaldibarko 24 orduko areto futbol txapelketan

Goiatz Arana Begiristain 2011ko uztailaren 17a

Penaltietan erabaki zen txapelketa. Gary Cooper eta Txus Unitedek jokatu zuten finala, domekan, 03:00etatik 03:25era. Gary Cooper hasi zen irabazten, 1-0; Txus Unitedek berdindu egin zuen gero, 1-1; Gary Cooper berriz ere aurretik, 2-1; eta Txus Uniteden gola hurrena, 2-2. Partidua bukatzeko minutu baten faltan, hirugarren gola sartu zuen Txus Unitedek, aurretik jarriz, baina txapelketa eurena izango zela zirudienean, hirugarren gola egin zuen Gary Cooperrek ere. 3-3 berdinketarekin, penaltietara jo zuten, eta hor erabaki zen partidua: 3-2 Gary Cooperren alde. Trofeoa eta bildotsa, eurentzat.

Iaz ere parte hartu zuen aurtengo talde irabazleak baina, jende gaztez osatua, talde nahiko berria da. Eurak izan dira, ordea, asteburuan "egurra" eman dutenak, antolatzaileen esanetan. Ondo ibili da iazko txapelduna –Doble Cero– ere; finalaurrekoetara ailegatu da.

Finala bera moduan, penaltietan erabaki ziren bi finalaurrekoak ere: Doble Cerok eta Gary Cooperrek jokatu zuten lehena (3-3), eta La Kanterak eta Txus Unitedek bigarrena (2-2).

Txapelketako irabazle Gary Cooperrek beste sari bat ere eraman zuen: jokalari onenarena; Imanol del Pozo Delpo izan zen errekonozimendu hori jaso zuen jokalaria.

16 talde

Aste barrurako 11 talde zeuden izena emanda, baina bost gehiago apuntatu ziren gero eta, beraz, 16 taldek parte hartu zuten txapelketan: Semen Up, Txus United, Doble Cero, Gary Cooper, La Kantera, Poli conection, Bixigutarrak, Abokajarro, McAwen Dauen, Lasagabaster, Lahamakun, HLB 108, Dedo Pa Farru, Esfinter de Milar, Aldapa eta Inter Mitente. Talde bakoitzeko 10 lagun inguru, 160 bat guztira –denak mutilak–.

Giro ona

Istilurik, lekuz kanpoko jarrerarik edo sarrera itsusirik ez da izan eta antolatzaileen balorazioa ona da. Soilik 01:00etan hasitako euriak zapuztu zuen zertxobait gaua, lurra labainkor utzita.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak