Koko Jean Davisen ahotsak txunditu eta bete egin zuen Monterron parkea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko uztailaren 18a

Ordua baino zerbait beranduago hasi zuten saioa atzo gauean The Excitements taldeko kideek Arrasaten. Ordurako Monterron parkeko atzealdea, jesarrita egoteko lekua, bete egin zen; ez ordea aurrealdea, dantzarako lekua. Ordu eta hoegi minutu geroago, dantzan amaitu zuten denek.

Eszenatokira taldeko mutilak igo ziren lehenengo. Guztira sei musikarik osatzen dute taldea: haize bikotea, gitarra bi, baxua eta bateria.

Abeslaria, bikain!

Lehenengo abestia instrumentala izan zen; Monterronera joandakoak abeslaria noiz irtengo itxoiten zeuden, eta halako batean taldeko izarra agertu zen eszenatokian: Koko Jean Davis. Ahots aparta duela eta artista bikaina dela erakutsi zuen Jean Davisek kontzertuak iraun zuen ordu eta hogei minutuetan.

Bartzelonakoek euren lehenengo lana, urte hasieran argitaratutakoa, eskaini zuten Monterronen. Ez dira eurak sortutako abestiak, talde ezagunen bertsioak dira. Besteak beste, Etta James, Ike & Tina, James Brown... bezalako musikari handien abestiak entzun ziren Monterronen: Take the bitter with the sweet, Never gonna let you go, Let's kiss and make up eta I do the jerk, besteak beste.

Ikusleen konplizitatea

Kontzertua aurrera zioan heinean jendea eszenatoki aurrera mugitzen hasi zen; eta, abeslariaren dantzarako grinak kutsatuta ikusleek ere gerria eta oinak mugitu zituzten.

Batez ere, aurrealdean zegoen Legazpiko koadrila batek jarraitu zuen Jean Davisen dantzarako erritmoa. Abeslariak ikusleen konplizitatea bilatu nahi izan zuen kontzertu guztian zehar; hala, "everybody say..." bezalako esaldiak erabili zituen behin baino gehiagotan. Jendeak erantzuten zuen; baina, argi geratu zen ingelesa ez dela debagoiendarren hizkuntza nagusia. Izan ere, Kataluniarrak izan arren, ingelesez berba egin zuen denbora guztian abeslariak.

Azkeneko bisak

Kontzertua amaitzeko hiru aldiz irten zen eszenatokitik abeslaria, eta esan behar da ikusleen txalo artean sartu zela berriro ere eszenatokira. Taldekideak abisatuta zeuden bisak arriskutsuak izan daitezkeela Arrasaten; hau da, eurak joan orduko, jendeak ere alde egin dezakeelako. Hala ere, bisek balio izan zuten jendea jesarrita zegoen lekutik jaiki eta aurrealdera joateko. Hala, kontzertuko azkeneko abestietan ia jende guztia zutik egon zen, aurrealdean, musikaren erritmoan dantza egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak