Uztaileko baserritarren azoka egingo da bihar, irailera arte agurtu aurretik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko uztailaren 15a

Dagoeneko hileko hirugarren zapatuan ohitura bihurtu denez, baserritarren azoka egingo da bihar Seber Altube plazan, 09:00etatik 14:00etara. Aurreko hileetako azokarekin alderatuta, uztaileko azokan ez da nobedade handirik izango. Izan ere, Arrasate eta inguruetako baserritarrek jarriko dituzten 11 saltokiez gain, denboraldiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko postuak ez du hutsik egingo –pintxo horiek egiteko errezetak eskuragarri egongo dira–.

Aurreko azoketan bezala, edozein postutan egindako erosketa bakoitzarekin bezeroei pintxoak dastatzeko txartelak banatuko zaizkie eta baita baserriko produktu sorta baten zozketan parte hartzeko txartelak ere. Gainera, sukalderako egurreko tresnak salgai izango dituen postua ere egongo da. 

Kontsumorako beste era bat
Marga Garmendia Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko zerbitzuko teknikariak adierazi duenez, azoka "apurka-apurka" dabil errotzen bezeroen artean.

Hala, bezeroei baserriko produktuak kontsumitzeak dakartzan ondorioak gogorarazi ditu Garmendiak: "Kontsumo jasangarriago baten partaide bilakatzen gara, kalitate goreneko produktuak kontsumituz, denboraldikoak eta freskoak". Honakoa ere gaineratu du: "Ekoizlea eta kontsumitzailearen arteko zuzeneko salmenta  gauzatzen da, prezioak garestitzen dituzten bitartekariak saihestuz". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak