Bixente Atxa: "Gaur egungo injineruek ingelesa eta maleta bat beharko dituzte beti mundura zabaltzeko"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 15a

Injineruak aldarrikatzen ditu Bixente Atxa (Oñati, 1966) Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak, etorkizunean jendarteak "injineruak beharko dituelako".

Hainbat berrikuntza dituzue datorren ikasturterako; besteak beste, master berriak, ezta?
Bai, Goi Eskola Politeknikoan lau dira. Batetik, Energia eta Potentzia Elektronikoa, oso bideratuta energia arazoei aurre egingo dieten teknikari espezialistak heztera. Beste master bat da Sistema Txertatuak, informatika, telekomunikazioa eta elektronika nahasten dituena. Gaur egungo produktu edo gailu ia gehienek integratzen dituzte osagai horiek. Hirugarren masterra da Enpresa Berrikuntza eta Proiektuen Zuzendaria. Ekonomia berrian, mundu globalizatu honetan, geroago eta garrantzitsuagoa da azkar garatzea norberaren produktuak. Laugarren masterra da Injinerutza Industriala. Hauek guztiak berriak dira. Eta bada bosgarren master bat, iaz abiatu genuena: Diseinu Estrategikoa. Injinerutzaren ikuspuntutik, sormena, eko-berrikuntza, eko-diseinua e.a. lantzen ditu honek.

Europako unibertsitate eredura egokitzen lehenengoetako unibertsitatea izan zen MU. Zelan joan da hiru urteotako prozesua?
Guretako ez da horren zaila izan, Mendeberri proiektuarekin hasi ginelako duela 10 urte. Eta hezkuntza proiektu hura egokitzen zen Europako unibertsitate eredu berrira.

Ikasleak eta irakasleak zelan egokitu dira?
Ikasleak ondo, gazteak malguagoak direlako. Zailagoa izan da irakasleondako. Lehengo hezkuntza sistemarekin ohituagoak gaudenez, beti da zailagoa aldaketara egokitzea. Baina, oro har, ondo.

Ze onura dakartza unibertsitate eredu berriak?
Garrantzitsuena da ikaslea dela erdigunea. Orain arte, unibertsitateetan ikaslea zegoen gela handi baten, entzuten, irakasleak botatako diskurtsoa, ikasgaiak, entzuten; modu pasiboan. Orain, ostera, ikaslea subjektu aktiboa da eta ez du egon behar bost ordu entzuten, baizik eta bost ordu ekimenetan. Motibazioa sortu eta ikasteko grina bultzatu behar zaio ikasleari.

Zelan egin hori?
Eguneroko lana sustatuz. Itxoin barik azkeneko ebaluaziora jakiteko ikasleak zenbat dakien edo zenbat ikasi duen. Eguneroko jarduna ebaluatu behar da, unean unekoa, praktika bidez. Proiektuak garatuz.

Goi Eskola Politeknikoak esku artean duen erronka nagusia zein da?
Duela 70 urte geneukan berdina: jendartearen eraldaketa. Eta jendarteari zelan lagundu eraldaketa egin dezan. Ahaleginak egiten ditugu hurrengo urteetan jendarteak beharko dituen pertsona edo lanbide profila topatzen eta hezten. Gure kasuan, injineruak. Gure ekonomiaren oinarria industria da eta hurrengo urteotan ere enpresek eta jendarteak, oro har, injineruak beharko dituzte.

Gaur egungo euskal unibertsitateek, euskal hezkuntzak, erantzuten diete jendarteak dituen erronkei?
Uste dut baietz. Baina egia da  unibertsitatea urte askotan jendartetik urrun egon dela edo bi mundu ezberdin izan direla unibertsitatea eta jendarte zabala. Uste dut unibertsitateak jendartearekin, hau da, enpresarekin edota erakundeekin, lotura handiagoa izan behar duela. Asko daukagu hobetzeko. Unibertsitatea ez da izan oso malgua. Jendartea eta gazteak asko aldatu dira. Ikasteko moduak aldatu dira…. eta, oro har, unibertsitatea geratu da lehengo irakasteko moduarekin. Hori aldatu egin behar da derrigorrez. Gazteak, hauen motibazioak eta teknologiak asko aldatu direlako azkeneko 30 urteotan.

Ze aurreikuspenekin irteten dira injineruak Goi Eskola Politeknikotik?
Enpresa gehienak hasi dira krisitik ateratzen eta uste dut guretik ateratzen diren ikasle injineruek lortuko dutela lana. Hala ere, ingelesa eta maleta bat beharko dituzte beti. Mundura zabaltzeko prest egon beharko dute; hemen eta han lan egiteko prest. Gure enpresek kanpora joan behar dute eta beste herrialde batzuetan ere enpresak sortu, baina, betiere, hemen sortzen jarraitzeko. Oreka behar dugu.

Zenbat ikasle dituzue Goi Eskola Politeknikoan?
1.500, gutxi gorabehera. Eta horien artean, 100 bat doktore ikasketak egiten eta beste 300 ikasle, goi mailako heziketa zikloan.

Ze espezialitate da gehien eskatzen dena?
Mekanika da adarrik arrakastatsuena oraindik ere. Gure inguruko enpresak ikusita, hori normala da. Baina diseinuan, elektronikan, telekomunikazioan… gero eta gehiago dira.  

Injineru izateko bokazioa txikitu egin da azkeneko urteotan?
Bai, zalantzarik barik. Gaur egun, Medikuntza edo irakasle izateko ikasketak dira eskatuenak. Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan gertatu da hori. Injinerutzari buruz berba egiten dugunean, akaso, industriarekin eta industria kutsadurarekin lotzen dute gazteek. Hortik etor daiteke gero eta injinerutza ikasketa gutxiago egotearen arrazoia. Zaila izatearen ospea ere badu, baina ez da guztiz egia, Medikuntza, esaterako, zailagoa delako.

Zelan egin erakargarri Injinerutza?
Injinerutzaren alde positiboak nabarmenduz. Datozen urteotako erronkei eutsiz. Esaterako, energiaren, erregaien edo argindarraren arazoa konpontzeko, injineruak behar ditugu. Energia berriak sortzeko injineruak behar ditugu; Medikuntzako gailu guztiak injineruek diseinatu edo sortzen dituzte… Injinerutza beharrezkoa da gure bizitza hobetzeko, eko-produktuak sortzeko, energiaren arazoak konpontzeko…

Alemanian ez ezik gurean ere injineruak falta dira, ezta?
Bai. Egia da krisi handia jasan dugula eta horrek eskaria txikitu egin duela. Baina krisitik irteten hasi diren enpresak hasi dira esaten injineruak behar dituztela. Hortaz, etorkizunean, hemendik 20 urtera, jendartearen arazoa izango da injinerurik eza.

Goi Eskola Poliketnikoak zentro berria inauguratu zuen iaz, orain dela urtebete inguru. Zer moduz?
Ondo. Informatikako ikasketekin eta ikertzaileekin hasi ginen irailean. Eta aurten telekomunikazioko karrerak hasiko ditugu bertan. Datorren urtean, Telekomunikazioak, Informatika eta haien ikerketa taldeak ariko dira.

Ze mailatan dago gure eskualdea eta Euskal Herria, oro har, ikerkuntza alorrari dagokionez?
Ondo. MU, bereziki, bere ikerketa ereduan, elkarlanekoan, erreferente da. MUren ikerketaren emaitzak jendartera itzultzea da gure helburua. Eta, hori, kanpoan azaltzen dugunean, eredu moduan jartzen gaituzte. Arrakasta kasu moduan aurkezten gaituzte.

MUko Informatika Ingeniaritzako 3. graduko hiru ikasle New Yorken dira oraingo egunotan, Imagine Cup lehiaketan…
Ustekabe atsegina izan da. Lehen aldiz aurkeztu eta aurrera egin dute. Energia gutxiago kontsumitzeko proiektu batean lanean jardun dute. Ingelesa behar dute eta badute; maleta ere bai, kanpora joateko, baina lana eta ikerketa hemen dabiltza egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak