Arrizabalagaren adierazpenen artean nabarmentzekoa izan da, haren arabera, bai Jaurlaritzak eta bai Aldundiak ez dutela ezer egin Lezetxikiko aztarnategia mantentzeko: "Ez dute hatz bat ere mugitu Lezetxikiko aztarnategiak merezi duen garrantzia izan dezan. Eskerrak zuei [udal ordezkariei zuzenduz], Arrasateko Udalari, ezinbesteko laguntza eman duzuelako".
Horrez gain, aztarnategiaren gaineko argibideak eman ditu. Besteak beste, egin diren aurkikuntzak eta Aranzadiko arkeologo bolondresen lan metodologia izan ditu hizpide. Gainera, udal ordezkariei zuzendu zaie esanez Lezetxikin aprobetxa dezaketen izugarrizko baliabide bat dutela museo edo bestelako zentro bat zabaltzeko.
Udala, orain arteko bide beretik jarraitzeko asmoz
Inazio Azkarraga-Urizar alkatearendako ere lehen aldia izan da Lezetxiki bisitatu duena: "Askotan nuen entzunda baina egonda sekula ez. Azalpenak lekuan bertan entzutea oso interesgarria izan da niretzat; argi dago mantendu beharreko lekua dela. Gure asmoa da Lezetxikiri merezi duen garrantzia ematen jarraitzea, orain arte Arrasateko Udalak egin duen moduan. Halako leku bat ezin da albo batean lagata utzi".