Repelencia: "Sentimenduak eta pentsatzen duguna adierazteko bidea da musika guretzako"

Maider Arregi 2011ko uztailaren 12a

12 urte bete berri duten arren, agertokian heldutasuna erakusten dute eta hazi egiten dira. Hasierako freskotasuna eta indarra azaleratzen dute eta musika barruan daramatela argi utzi dute. Repelencia hirukoak RIP, Des-kontrol, Arkada Social eta Never Surrenderrek utzitako olatu gainera salto egin du. Lehen diskoa kaleratzeko kantuak egiten dabiltza Imanol, Sergio eta Unai. RPLren diskoa agortuta; kamiseten salmenta ere bide onean doala kontatu digute:

Noiztik musikarako zaletasuna?
Denok elkartu eta Imanolek baxua hartuko zuela esan zuen; Unaik, gitarra; eta ondoren, Sergiok bateriaz laguntzea erabaki zuen. Horrela hasi ginen entseatzen gure kabuz.
Gazte txokotik irten den bigarren belaunaldia zarete!
Bai. Gazte txokotik lokal bat utzi ziguten eta bertan hasi ginen abestiak egiten. Bi abesti egin genituen. Aggressive Combat taldeko gitarra-jotzaileak grabatu zizkigun kantuak. Never Surrender taldeko kideen laguntza ere izan dugu! Astean bi edo hiru egunez entseatzen dugu.
Grabazio lana zaila izan da?
Esperientzia polita izan da! Hasieran urduri, baina oso gustura. Emaitzarekin, soinuarekin pozik gaude. Orain beste lau abesti berri egin ditugu. Denon artean egiten ditugu. Ideiak botatzen hasten gara denon artean.
Zer adierazi nahi duzue?
Inguruan ditugun arazoen gainean idazten dugu. Gustatzen ez zaizkigun gauzak, ados ez gaudena salatu, esan nahi dugu musikaren bitartez. Sentimenduak eta gure ideiak, pentsatzen duguna adierazteko bidea da musika.
Instrumentuak lortzeko, nola?
Baxua eta gitarra erosi egin genituen. Baina bateria lortzeko gazte txokokoek lagundu digute. Iaz, sanjuanetan, gazta pintxoak saldu genituen eta diruaren zati bat bateria erosteko izan da.
Autodidaktak zarete.
Gure kabuz gabiltza, baina Lazkanon ere lagundu digute. Punteatzeak ateratzen eta gure abestiak hobetzen lagundu digute. Gure inguruko musikariek ere gomendioak ematen dizkigute; irakatsi ere egiten digute.
Governors eta Des-kontrolekin gaztetxean jo duzue.
Gure bigarren kontzertua izan zen, ikaragarria. Jende mordoa zegoen eta publikoak gure abestiak kantatzen zituen. Des-kontrolekoek esan ziguten "potroak" ditugula 12 urterekin taula gainera igotzeko.
La pasma eta AHTren kontrako abestia gustatu zaio jendeari.
Poliziarekiko eta AHTrekiko gure jarrera azaldu, salatu egin nahi  dugu. Jendeak bat egin du; gure kontzertuetan abesten dute. 
Berlingo Slamtilt taldea ere liluratu duzue zuen zuzenekoaz.
Elkartasun Egunean Dat tabernara etorri ziren gu ikustera. Gauean gaztetxean zuten zuzenekoa eta arratsaldean eurekin izan ginen. Argazkiak atera zizkiguten eta lagunak egin ginen. Agian, egunen baten, Berlinera joango gara gu ere!

Orain diskoa atera beharko duzue.
Bagabiltza kantuak prestatzen, sei bat ditugu dagoeneko. Bizitza aurrera doa abestia egin berri dugu. Orain, ondo prestatzeko denbora behar dugu.

Mugen aurrean, abilezia eta jarrera

"Ez da ohikoa 12 urteko gazteen musika taldea zuzenean aritzea. Eskuratutako bi kantuak entzunda -bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz- antzematen da muga handiak dituztela, baina muga horiek saihesteko abilezia erakusten dute; adibidez, abiadura beharrean euren kantuei bestelako ezaugarriak gehituta. Oso bitxia da ume ahotsarekin eta 77ko punk soinuarekin AHTren kontra hain irmo abesten entzutea. Eta poliziaren kontra gaztelaniaz abesterakoan, amorru handiagoa atera dute. Badira punkaren garraztasuna erakusteko beste modu batzuk, eta jarrera, hauek soberan badutena, garrantzitsuenetako bat da. Jakin-minez jarraituko ditut".

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak