Mondragon Unibertsitateko hiru ikasle New Yorken, Imagine Cup lehiaketan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uztailaren 11

Javier Sierra, Aitor Akizu eta Josu Lopez MUko Informatika Ingeniaritzako 3. graduko ikasleak eta haien aholkularia, Xabier Mardaras, Garaia Berrikuntza Gunean kokatuta dagoen Microsoften Berrikuntza Zentroko kidea, New Yorken daude egunotan. Microsoften Imagine Cup lehiaketan daude, munduko lehiaketarik garrantzitsuena, ikasle mailan.

Munduko hainbat arazori konponbidea bilatzea da lehiaketaren helburua: gosea, pobrezia, hezkuntza arlokoak, gaixotasunak kontrolatzea, osasunarekin lotutakoak edota ingurumenari buruzkoak… Finala, esan bezala, New Yorken egiten dihardute egunotan, uztailaren 8tik 13ra bitartean.

325.000 ikasletik gora

Teknologiako eta diseinuko munduko ikaslerik bikainenak biltzen dira lehiaketan. Aurten 325.000 ikasletik gora izan dira partaide 80.000 proiektu baino gehiagotan. Horietatik 100 bakarrik sailkatu dira finalerako, tartean MUko hirurak.

Mondragon Unibertsitatea txapelketaren azken fasera heldu da Sistema Txertatuen kategorian. Finak horretan, guztira, 20 talde izango dira. Ez Euskal Herrian ez eta Espainian ez da hori lortu duen beste unibertsitaterik.

Herriko argiak kudeatzeko sistema

Herriko argiak kudeatzeko sistema da proiektuaren ardatza. Energia-kontsumoa murriztea eta sentsoreen bidez argi-beharra antzeman eta intentsitatea kontrolatzea ahalbideratzen du.

Imagine Cup ikasleen mailan munduko lehiaketarik garrantzitsuena da eta Microsoftek antolatzen du. Teknologiako eta diseinuko munduko ikaslerik bikainenak biltzen dira bertan, sortzeko, berritzeko eta iraultzeko trebetasunak dituztenak. Lehiaketa 2002an abiatu zuten eta haziz joan da.

Hainbat diziplinatako ikasle bikainenak gonbidatzen ditu Imagine Cup ekimenak: software-diseinua, bideojokoen garapena, baliabide digitalak, azpiegitura, elkarreragingarritasuna, Windows Phone 7rako edota Sistema Txertatuetarako garapenak eta abar, betiere Microsoften teknologiak erabiltzen dituztenak.

MU eta Garaia

Imagine Cup lehiaketan parte hartzeko aukera Microsoften Berrikuntza Zentroaren eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetzatik sortu da; izan ere, biak Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean baitaude. Bi erakundeen arteko lankidetzaren bidez Microsoften teknologiak sustatu nahi dira hezkuntzan, ideia eta negozio berriak sorrarazi, eta modu horretan ekintzailetasuna bultzatu belaunaldi berrien artean.

Argitech eta Smartligth

Argitech izena jarri diote Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek osatu duten taldeari. Honako hauek dira ikasleak: Javier Sierra, 23 urte; Aitor Akizu, 24 urte, eta Josu Lopez, 22 urte. Informatika Ingeniaritzako 3. graduko ikasleak dira, eta haien aholkularia Xabier Mardaras da, Garaia Berrikuntza Gunean kokatuta dagoen Microsoften Berrikuntza Zentroko kidea.

Smartligth proiektua landu dute, energia-kontsumoa murriztea eta hirietan baliabideen erabilera efizientea eta iraunkorragoa sustatzea helburu dituena.  Herriko argiak kudeatzeko sistema garatzea proposatzen dute, sentsoreen bidez argi-beharra antzeman eta uneoro intentsitatea kontrolatzea ahalbideratuko duena.

Sistema txertatua faroletan

Farol bakoitzean jarritako sistema txertatua da proiektuaren oinarria; horren bidez sentsoreen datuak biltzen dira farolean bertan, hala nola, inguruan norbait ote dagoen edota zer nolako argia dagoen une horretan. Farol bakoitzak sistema zentral batera bideratzen du informazio hori, eta sistema zentral bakoitzak kale bateko edo gehiagoko farol-ilara kontrolatzen du.

Modu horretan argiaren intentsitate egokia bermatzen da eta aldi berean energia-kontsumoa murrizten da. Jokabide efizientea eta hiri iraunkorragoa sustatzen dira. Konponbide horri esker energia % 80raino aurrez liteke, betiere pertsonen eta ibilgailuen zirkulazioaren arabera.

Sistema osoa Microsoften teknologia txertatuetan oinarrituta da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak