Udal taldeak osatu ziren ekainaren 11ko plenoan eta lehen plenoan bozeramaileak jakinarazi ziren: Iraia Sola (Bildu), Juan Karlos Garitano (EAJ), Aritz Arrieta (PSE-EE), Joxe Etxeberria (Aralar) eta Itziar Lamarain (PP) izango dira.
Batetik ekainaren 11ko udal eraketa plenotik gaurko plenora arte alkateak hartu dituen erabakien berri izan du osokoak. Horien artean daude Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapena. Hauxek osatuko dute: Amaia Larrañaga, Joseba Ramon Askasibar, Iraia Sola, Maider Morras, Omer Arregi, Kepa Urteaga eta Joxe Etxeberria.
Bestalde, osoko bilkurak hileko lehen martitzenetan egitea onartu zen, 18:00etan.
Alkateordeak ere eman ditu aditzera Inazio Azkarraga-Urizar alkateak: Amaia Larrañaga, Joseba Ramon Askasibar, Maider Morras eta Kepa Urteaga izango dira, hurrenez hurren.
Bestalde, osokoak onartu beharreko erabakiak hartu dira. Besteak beste, batzorde informatzaile iraunkorren kopurua eta horietako arduradun politikoa zehaztu da. 12 batzorde eratu dira eta hauek dira horien buruak:
Hirigintza: Omer Arregi
Gizarte Ongizatea: Amaia Larrañaga
Ingurumena: Josu Pereda
Ogasuna: Itziar Zeziaga
Gazteria: Iraia Sola
Obrak, zerbitzuak, mantentzea eta auzoak: Juan Antonio Barriocanal
Kultura eta jaiak: Kepa Urteaga
Hezkuntza: Amaia Larrañaga
Euskara: Joxe Etxeberria
Pertsonal Saila: Maider Morras
Kirola: Joseba Ramon Askasibar
Berdintasuna: Maider Morras
Liberazio ekonomikoek eragin dute saltsa
Udal karguen konpentsazio ekonomikoak zehaztea –zein zinegotzik izango duten liberazio ekonomikoa eta zenbatekoa– eta Udala kide den erakundeetako arduradunak ere izendatu dira eta horiek izan dira eztabaida gehien piztu dutenak. Hiru zinegotzi erabateko dedikazioaz jardutea proposatzen zuen alkateak: alkatea bera, Amaia Larrañaga eta Joseba Ramon Askasibar.
Eta baita beste bi zinegotzi zatikako dedikazioaz betetzeko: Kepa Urteaga eta Maider Morras, hain zuzen. Proposamena onartu egin da: Bilduren 10 botoak –Juan Antonio Barriocanal ez da egon– eta Aralarren botoarekin. Gainontzeko bederatzi zinegotziek –EAJ, PSE-EE eta PP– kontra bozkatu dute. Horra oposizioko kideen erreakzioak:
Aritz Arrieta (PSE-EE): "Oposizioak, bere jarduna hain mugatua izan ez dadin, liberaturen bat izan beharko luke".
Itziar Lamarain (PP): "Aurreko agintalditik liberazioak ia bikoiztea ez dut ondo ikusten".
Juan Karlos Garitano (EAJ): "Zinegotziei egingo diren ordainketak %31ko igoera izateari uko egingo diogu, krisi garai latz honetan".
Ander Rodriguezek adierazpenei erantzun die esanez, besteak beste, igoera ez dela horren altua kontuan izanda aurreko agintaldian bi zinegotzi erretiratuak zirela eta erabateko dedikazioa zutela udal jardunerako.
Azkenik, alkateak erabaki du Aukea eta Iturbide egoitzako erakunde autonomoen lehendakaritza honako zinegotzi hauei delegatzea: Joseba Ramon Askasibar (Aukea) eta Amaia Larrañaga (Iturbide egoitza).