Tourraren bosgarren etapa amaitzeko (Carhaix-Cap Fréhel, 164km) 20 kilometroren faltan erori da Iban Velasco arrasatearra, erorikoz betetako etapan. Helmuagara iritsi da, lurretik bueltaka ibili den beste ziklistetako batekin batera, Steegmansekin, 12 minutura.
"Aurreko errubera jo eta lurrera"
Iban Velascok honelaxe kontatu du gertatutakoa: "Nire aurretik zihoanak nire aurreko errubera jo du eta hortxe amaitu da guztia. Triste nago etxera noalako. Taldea oso ondo heldu da Tourrera eta izorratuta nago taldekideei ezin izango diedalako lagundu, ezingo dudalako nire aletxoa jarri".
Beste hauxe ere adierazi du, behin etapa amaitutakoan eta ospitalera bidean: "Sasoi puntu oso onean iritsi naiz Tourrera eta karrera ona egin gura nuen. Uste dut mendiko etapetan lan ona egin nezakeela. Erorikoan oso azkar gertatu da dena. Ez dut izan erreakzionatzeko astirik. Gaurko etapan eroriko eta gertaera asko izan dira; eta, helmugarako 15 kilometro falta zirenean, neuri tokatu zait".
Markel Irizar: "Entrenamenduetako laguna etxera!, oso egun txarra"
Markel Irizarrek, ostera, zera adierazi du bere twitterrean: "Nire gelakidea galtzeaz gain, entrenamenduetako laguna, @ivanvelasco ere etxera!, oso egun txarra".
12 minutuko atzerapena
Helmuga zeharkatzea lortu du Iban Velascok, 193. postuan, tropelarekiko 12 minutuko atzerapenarekin. Arrasatekoa ez da gaurko etapa arriskutsuan lurrera erori den bakarra, ziklista mordoa ibili dira-eta lurretik bueltaka, tartean Jani Brajkovik –lasterketa utzi behar izan du, loturatan dituzue erorikoen bideoak–, Tom Boonen edota Alberto Contador bera.
Bestalde, gaurko etapan Markel Irizarren datu telematikoak online ikusi ahal izan dira, hemen.