Mondragon Unibertsitatearen eta CSICen arteko elkarlana, indartsuagoa orain

Leire Kortabarria 2011ko uztailaren 6a

Espainiako CSIC-Ikerketa Zientifikoen Goren Kontseiluak Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Konformazio Taldea CSICi Atxikitako Unitate gisa errekonozitu du. MUk eta CSICek 2009an egin zuten lehenengo elkarlan hitzarmena, eta orain, bide horren barruan beste pauso bat eman dute.

Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari atxikita dago CSIC, eta Espainiako ikerketa erakunde publiko garrantzitsuena eta Europako hirugarren garrantzitsuena da.

Oraingoan, CSICek MUko Konformazio Taldea berari atxikitutako zentro gisa errekonozitu du CSIC beraren mende dagoen CENIM-Espainiako Ikerketa Metalurgikoen Zentroaren bitartez.

Figura horrek Konformazio Taldeak eta CENIM-CSICeko COPROMAT-Materialen Korrosio eta Babes Taldearen arteko harremana formalizatzeko balio du, eta elkarren arteko lankidetza sustatuko du ikerketako arloetan zein hezkuntzakoetan. Zehazki, agertzen ari diren materialei buruzko gaiak landuko dira, muturreko baldintzetan prozesatzeko eta/edo erabiltzeko, bereziki azken belaunaldiko aleazio metalikoei dagokienez.

Atxikitako Unitatearen sorrerarekin datorren lankidetza hitzarmenean berariaz aipatzen dira, elkarren arteko ekintzen barruan, bi zentroetan dagoen materialaren erabilera partekatzea, bi taldeetako pertsonal propioaren mugikortasuna eta patente erabilgarrien tramitazioa, CSICen bitartez.

Atxikitako Unitateak, halaber, CSICeko deialdietan eta bestelako ekintzetan – barnekoak zein kanpokoak– parte hartu ahal izango du, CSICeko pertsonen baldintza berberetan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak