Beñat Barberena: "Aurten aurrerapauso garrantzitsu bat eman dudala uste dut"

Jokin Uribeetxeberria 2011ko uzt. 7a, 20:00

2007an Ointxe! saskibaloi taldea utzi eta EBAra egin zuen salto Beñat Barberenak. Lau urte hauetan Zaragozako Desarrollo Utebon, Castellongo Onda Urbanan eta Valentziako Power Electronics-eko bigarren taldean jokatzen aritu da, hurrenez hurren. Datorren urtean oraindik ez daki non jokatuko duen. 

Denboraldi osoa etxetik kanpo igaro ostean berriz zara Arrasaten. Herrira etortzea beti da pozgarria, ezta?

Noski baietz. Gabonetatik ez dut tarterik eduki etxera itzultzeko eta gogo biziz nengoen familia eta lagunekin elkartzeko.

2010/2011 denboraldian Valentziako Power Electronics taldearen bigarren taldean aritu zara. Nola baloratuko zenuke urte hau?

Urte oso aberasgarria izan da niretzako, aurreko hiru urteetan bizi ez ditudan momentuez gozatzeko aukera izan baitut. Talde oso gaztea izan gara eta hasieran asko kostatu zitzaigun gure jokoa aurkitzea. Hala ere, lagun koadrila bat bezala izan gara kantxa barruan zein kanpoan, eta giroa bikaina izan da uneoro. Pertsonalki, pisu handia izan dut aurten talde barruan eta oso ondo etorri zait hori jokalari moduan hazteko.

Orain arteko urterik onena izan da, beraz?

Bai, zalantzarik gabe nire urterik gustukoena izan da, izan dudan rola dela-eta.

Lehenengo taldearen aulkitxoan egon zinen Baskoniaren aurka eta beranduago Istanbulera joateko deia ere jaso zenuen, Euroligako partidu baterako. Nola bizi zenituen momentu horiek?

Abuztuan Valentziara iritsi nintzenean, lehenengo taldearekin egin nuen aurredenboraldia. Lan asko egin behar izan nuen ACBko taldean parte hartu ahal izateko. Orduan iritsi ziren bi aukera horiek, bai Istanbulera joatekoa eta baita Baskoniaren aurka aritzekoa ere. Biak ala biak inoiz ahaztuko ez ditudan momentuak izan dira, halako partiduak barrutik bizitzeko aukera izatea ohore bat izan da niretzako.

Gerora, baina, entrenatzailea aldatu zuen lehen taldeak eta aulkian ere ez zaitugu ikusi. Zer dela-eta?

Halaxe da. Manuel Hussein kargutik kendu eta Svetislav Pesic fitxatu zuen taldeak, eta horrekin batera gazteekiko apustua bertan bera gelditu zen. Ez bakarrik bigarren taldeko gazteena, baizik eta lehengo taldean fitxa zutenen gazteena ere bai. Emaitza bikainak lortu zituen; beraz, ezin zaio ezertxo ere ez leporatu Pesic-i.

Zertan aldatu da 2007an EBAra salto egin zuen Beñat hura eta gaur egungoa?

Nik uste dut ez dela asko aldatu. Lau urte etxetik kanpo egotearen esperientzia irabazi, lagun berriak egin eta leku asko ezagutzeko aukera izan dut. Dena den, oso herrikoia izaten jarraitzen dut. Saskibaloiari dagokionez esperientziak ematen dizun lasaitasuna izatea lortu dut.

Ikasteari ere ez diozu utzi eta IVEF-eko ikasketei ekin zenien irailean Valentzian bertan. Nola joan da lehenengo urtea?

Bikain joan da urtea eta dena lehenengoan gainditu ahal izan dut, klase asko galdu ditudan arren entrenamendu eta partiduek eskatzen zuten konpromisoaren ondorioz. Badirudi orain arte itxaron behar izan dudala karrera bat hasteko. Izan ere, Zaragozan ez nuen lortu nik nahi nuen karreran sartzea, berandu fitxatu nuelako bertan eta aurrematrikula egiteko epea dagoeneko itxita zegoelako. Zientzia Ekonomikoak ikasten hasi nintzen, plaza libreak zituen karrera bakarra baitzen, baina goiz eta arratsalde entrenatzen nuenez eta karrera asko atsegin ez nuenez, azkenean utzi egin nuen. Castellonera iristean arazo berdinarekin egin nuen topo. Kirol Magisteritza ikastea zen nire asmoa, IVEF ez baitago han, baina aurrematrikula egiteko epea berriz ere itxita aurkitu nuen. Orduan, TAFYD goi mailako zikloa egitea erabaki nuen. Azkenean, Valentzian hasi dut karrera, arazo berdina hirugarrengoz izan arren. Oraingoan baina, Power Electronics-en jolasteak duen izenaren laguntzarekin sartu ahal izan nintzen unibertsitatean.

Aurreko urtean bezala, Euskadiko Selekzioak deialdian sartu zaitu uztaila bukaeran Argentinan lagunarteko hiru partidu jokatzeko. Urte osoan zehar eginiko lanaren saria da hautatua izatearena?

Aurten aurrerapauso garrantzitsu bat eman dudala uste dut eta ziur nago egindako lanaren saria dela Argentinara joateko deialdian egotea.

Ze helbururekin zoaz hara?

Nire helburua bidaiaz gozatu eta ikastea da, baina baita egiten dakidana erakutsi eta lehen mailako jokalariekin lehiatzea ere. Argentina bezalako selekzioen aurka ez da egunero jolasten eta ohore bat izango da bertan izatea, maila handiko jokalariak izango baititut aurrean.

Datorren denboraldiari begira, non ikusten duzu zeure burua? Euskal Herrira bueltatzeko asmorik bai?

Oraindik goiz da datorren urtean non jokatuko dudan jakiteko, ditudan aukerak aztertzeko garaia baita. Euskal Herrira itzuli? Ez dut ezer baztertzen baina ikusiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak