10 urteotako ibilbidea ospatu zuen AM Big Band-ak egubakoitz gauean

Ander-Monedero 2011ko uztailaren 4a

Arrasate Musikaleko Big Band-ak 10 urte bete ditu eta hori ospatzeko, egubakoitz gauean urte hauetan jotako abestiez osatutako errepertorioarekin kontzertua egin zuten. Ez da arrasatearrek urtemuga ospatzeko egin duten ekintza bakarra: aurreko astean Munich-en (Alemania) bi kontzertu eskaini zituzten.

Esan bezala, egubakoitzeko emanaldia berezia izan zen eta ez bakarrik Monterroneko kontzertua ikasturte amaierako zita delako; urte hauetan Arrasate Musikal Big Band-eko kide izan diren batzuk berriz ere oholtza gainean ikusteko aukera izan zuten bertan bildu ziren 250 pertsonek. Kontzertuan parte hartu zuten taldekide ohien artean zegoen Jose Ramon Elkoro, Big Band-aren lehengo urteetako zuzendaria.

Kontzertuan jazz, swing eta latindar erritmoak izan ziren nagusi, baina bestelako musika estilotako piezan txikiak ere eskaini zituzten. Emanaldia Take The 'A 'Train jazz abestiarekin hasi zuten; giroa berotzeko, baina, Amaia Arriaran abeslari bergararra irten zen.

Arriaranek abestutako lehenengo txanda bukatu ostean, erritmo latinoen txanda iritsi zen. Ez zen hori sorpresa bakarra izan; Arrasateko dantza talde bat erritmo latinoak dantzatzen hasi zen eszenatokiaren azpiko aldean. Monterronen bildutako ikusleek Oye Como Va bezalako abestiak abestu eta txalokatu zituzten.

Aipatzekoa da Ever Sanchez gitarra joleak egindakoa, abesti batzutan instrumentua alde batera utzi eta abeslari lanetan jarri baitzen.

Horrela bukatu zen kontzertuaren lehenengo partea. Bigarrenean, taldearen hasieratan jotzen zituzten; abesti batzuk jo zituzten, adibidez, Son de la Loma, Manteca eta Hawaii 5-0 kantuak.

Bukatzeko, aurreko urtean, Big Band-ak urteurren hasiera ospatzeko kaleratutako diskoan grabatutako hiru kantu jo zituzten; Sing, Sing, Sing; Theme from Shaft eta What is Hipp.

Kantu horiek bukatzerakoan publikoak abesti gehiago eskatu zizken eta arrasatearrek beraien errepertorioko klasiko batekin bukatu zuten, Birdland abestiarekin.

Kontzertu honekin bukatu zituen Arrasate Musikal Big Band- ak 10. urteurreneko ospakizunak. Orain, iraila arte atseden hartuko dute eta ikasturte berriarekin batera errepertorio berria lantzen hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak