Bitxirik badaramazu?
Eraztunak betidanik gustatu izan zaizkit; beti eramaten dut bateren bat. Baina ez da edozelako eraztuna. Orain dela gutxi etxetxo bat konpondu dut eta nire etxearen esfortzu eta irudi batzuk nire eraztunean urtu ditut, eta nire atzamarrean daramat.
Artelanak ere badira.
Bitxiak ez dira moda kontua soilik; eskultura txiki bat izan daiteke, esanahi handikoa. Ez duzu atzamarra bakarrik apaintzen. Eraztun bati helduta zaude; hori da niretzako bitxigintza.
Enkargu bereziak jasotzen dituzu?
Askorik ez, baina orain dela gutxi Goierriko bi mutilek harribitxi berezi batzuk ekarri dizkidate eta neurri berezi batekin egin diet bitxia. Orain, L formako eraztun bat egiten ari naiz, neska batek opari berezia egin nahi dio amari-eta; haren izena L-rekin hasten delako eskatu dit forma horretako eraztuna egiteko. Horrelako gauzak dira politak. Apaingarri bat baino gehiago da. Bitxigintzan bada beste zentzu bat, forma bat, irudi bat…
25 urte inguru bitxigintzan. Lan egiteko era aldatu duzu?
Egia esan, teknologia berriek erraztu eta lagundu egin dute. Adibidez, azoketara joateko, lehen telefonoz edo faxez egiten zen; orain, e-postaz. Lan egiteko eran gutxiago, nire lana nahiko artesanala da eta modua betikoa, nahiz eta orain makina berritzaileagoak egon merkatuan.
Azoketan saltzeko eta erosteko modua aldatu egin da?
Azoketan harremana betiko modukoa da, jendeak bitxiak probatzen ditu, batzuetan erosi… harremana oso antzerakoa da. Nik Interneten ez dut saltzen; beraz, ez dakit nola funtzionatzen duen.
Ze bitxi dira zure lanaren ikur?
Belarritakoak dira nire ikur. Dena den, eraztunak eta paparrerako orratzak dira gehien gustatzen zaizkidanak. Izan ere, ez daukate zintzilikariorik eta pieza osorik ikusten da, soka edo kakorik gabe. Egindako pieza ikusten da, osorik.
Krisiaren eraginik sumatu duzu?
Krisia egon badago, baina azoketara joaten garenok barneratuta daukagu azoka guztiak ez direla berdinak. Okerrena da erakundeek krisia aitzakia moduan erabiltzen dutela eta aurrekontuak murrizten dituztela. Ondorioz, gauzak antolatzeari uzten diote aitzakia horrekin. Krisia erakundeen jarrera ere bada; beste gauza bat da jendeak daukan erosteko ahalmena. Baina krisiak sorkuntza bultzatzen laguntzen du... gehiago sortzen da krisi garaian.