Uztailaren 7an egingo da udal antolaketarako plenoa, 19:00etan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko uztailaren 1a

Iñigo Garitano udal idazkariak halaxe ziurtatu digu: San Fermin egunean egingo da 2011-2015 agintaldiko jardunaren antolamendua zehaztuko duen plenoa, 19:00etan. Hainbat erabaki hartuko dira, guztiak udal funtzionamenduak behar duen antolaketarekin zerikusia dutenak. Bi zati izango ditu plenoak: batetik, ekainaren 11ko udal eraketa plenotik alkateak hartu dituen erabakien berri izango du osokoak, eta bestetik, plenoak onartu beharreko erabakiak daude. Azken horien artean daude, besteak beste, batzorde informatzaile iraunkorren kopurua eta horien arduradun politikoa zehaztea.

Inazio Azkarraga-Urizar alkateak joan den astean jakinarazi zuen Bildu eta Aralar akordio batera heldu direla Udalean batera joateko. Hala, Bilduren 11 zinegotzien botoei Aralarreko Joxe Etxeberriaren botoa batuko zaie aurrerantzean. Hala, batzorde informatzaile baten ardura izango du Etxeberriak.
Hala ere, alkateak gainerako alderdiekin bilerak egin aurretik ez du publiko egin nahi izan batzorde bakoitzeko buruen izena.  

Hamaika erabaki garrantzitsu
Plenoan hainbat erabaki hartuko dira, guztiak udal funtzionamenduak behar duen antolaketarekin zerikusia dutenak. Iñigo Garitano udal idazkariak emandako argibideen arabera, bi zati izango ditu plenoak. Batetik, ekainaren 11ko udal eraketa plenotik uztaileko plenora arte alkateak hartu dituen erabakien berri izango du osokoak. Hauek dira erabaki garrantzitsuenak: Tokiko Gobernu Batzarreko kideak eta alkateordeak izendatzea, alkateari legeak ematen dizkion eskuduntzetatik zeintzuk uzten dituen bere esku eta zeintzuk uzten dituen gobernu batzarraren eskuetan. Erabaki hauek erabat aldagarriak dira.

Bestalde, osokoak onartu beharreko erabakiak daude. Besteak beste, batzorde informatzaile iraunkorren kopurua eta horietako arduradun politikoa zehaztea, udal karguen konpentsazio ekonomikoak zehaztea –zein zinegotzik izango duten liberazio ekonomikoa eta zenbatekoa– eta Udala kide den erakundeetako arduradunak izendatzea. Azken horien artean daude, esaterako, Mankomunitatea, Aukea kirol erakundea eta Iturbide egoitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak