Arrasate Musikaleko Big Bandek estreinatuko du Udazabal egitaraua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 30a

Arrasate Musikaleko Big Band taldeak 10. urteurreneko kontzertua eskainiko du bihar, egubakoitza, Monterronen, 22:30ean, 'A.M. Big Band Festibala 10 urt'e izenarekin. Modu horretan, Udalak antolatzen duen Udazabal 2011 programari hasiera emango dio talde arrasatearrak.

Egubakoitzeko kontzertuak kurtsoari amaiera emateko balioko du. Arrasateko musikariak oso motibatuta daude, eta pilak kargatuta etorri dira Alemaniatik.

Gaur egun taldean dauden musikariak eta aurreko 10 urteotan taldekoak izan direnak ere igoko dira taula gainera bihar Monterronen. Egitaraua aldetik azkeneko 10 urteetan jo izan dituzten pieza esanguratsuenak interpretatuko dituzte.

10 urte hauetan Big Band taldeak hiru zuzendari izan ditu: Jose Ramon Elkoro, Iker Olazabal eta Zigor Martinez.

Udazabal 2011 egitaraua

Urtero uda partean Udazabal egitaraua prestatzen du Udalak. Hala, dagoeneko gertu dute uztailean eta abuztuan herrian eskainiko dituzten ekitaldiak.

Musika, antzerkia, dantza... denetariko ekitaldiak izango dira. Gainera, eraikinetatik kalera atera dute aurten ere kultura: hala, Monterron parkean, Herriko Plazan eta Jose Letona plazan izango dira emanaldiak.

Datorren astean Kukai dantza taldeak Karrikan ikuskizuna eskainiko du Herriko Plazan. Ikuskizuna 20:00etan izango da, eta sei dantzarik eta DJ batek parte hartuko dute. Estilo, erregistro eta hizkuntza koreografiko berriak ikusteko aukera paregabea izango da Kukaik Herriko Plazan eskainiko duena. Gainera, euskal ikuskizunik onenaren saria lortu du Karrikan ikuskizunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak