Gaztetxoek bisitatu dute urritik aurrera euren etxea izango dena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 29a

Txatxilipurdiren Udaixe programaren barruan, gaztetxoek erdiguneko gaztegunea ezagutzeko aukera izan dute. Lanak amaitu dira dagoeneko, baina eraikina hutsik dago oraindik. Hala ere, gaztetxoak pozik daude egoitzarekin, asteburutan erdigunean izaten duten aisialdi eskaintzaren hutsunea bertan betetzea espero dute. Hori bai, begiraleek hasieratik abisatu diete ez daudela bakarrik, hau da, bizilagunekin errespetua eta harreman ona izatea ezinbestekoak direla.

Lehenengoz zabaldu ditu ateak erdiguneko gazteguneak. Oraindik ez da inauguraziorik egin baina protagonistek, hots, etorkizuneko erabiltzaileak izango diren gaztetxoek, izan dute eraikina barrutik bisitatzeko aukera. Gu eurekin batera sartu gara, eta lehen inpresioa eskatu diegu:

Aitor Meltrasek honakoa adierazi du: "Eraikina oso handia eta polita ematen du. Kolorezko kristalak gustatu zaizkit. Jolasteko erabiliko dut; ping-ponga, billarra, futbolina...".

Judith Fernandez de Arroiabek, berriz, modernoa dela azpimarratu du: "Ez du beste gazte txokoen itxurarik. Lagun berriak egiteko aukera egongo dela uste dut, eta aspertuta zaudenean edo eguraldi txarra dagoenean film bat ikusteko edo besterik barik denbora pasatzeko leku ezin hobea da. Etxetik hurbil dugu, lehen auzoetako gazte txokoetara joan behar ginen"

Azkenik, Amets Ormaetxeak uste du jende asko etorriko dela: "Oso leku onean dago eta jende asko etorriko da. Handia da eta aspertuta gaudenean edozein ekintza egiteko aukera ematen digu".

Egoitza ikusi ostean zein erabilera eman pentsatzen aritu dira, begiraleen laguntzaz.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak