Golden Apple Quartet, "zoragarri"

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko ekainaren 27a

'Los Golden en serio', euren zazpigarren ikuskizuna eskani zuen Donostiako laukoteak Monterron parkean. Seriotasun pixka bat jarri nahian etorri ziren, baina ikus-entzuleen barre algarek argi utzi zuten oraindik musika eta umorea primeran uztartzen dituztela. Ordu eta erdiko ikuskizun paregabea eskaini zuten; horren erakusle da emanaldia bukatutakoan Monterronen batu zirenak zutik jarri zirela laukotea txalo zaparrada artean agurtzeko.

Ikusizuna abesti serio batekin hasi nahi izan zuen Kike Otxoa partaideak baina ezustekoa izan zuen agertokira hiru euli handi igo zirenean eta kantuan hasi zirenean.

Horren ostean bai, formal hasi ziren, hau zioen kantuak: "luces, música y acción, suena una canción, empieza la función". Hitz jokoekin jolastu zuten eta askotariko estiloak jorratzen ere ausartu ziren: flamenkoa, opera, gargarak, zirkua eta aho malabarismoak, esaterako.

Euren ikuskizunarekin historiara pasatu nahian eta Arrasaten zeudela aprobetxatuta a-rra-sa-tzea nahi zutela ikusita, hainbat saiakera egin zituzten. Filmen soinu-bandak ekarri zizkiguten gogora; adibidez, Misión imposible eta James Bond-enak. Tom Jones-en It´s not unusual eta Louis Armstrong-en Wonderful world ere interpretatu zituzten. Baita Lau teilatu eta Oi Pello, Pello ere.

Bukatzeko, The Beatles-eko taldekideak txotxongilo bezala ikusi genituen, betiere "Golden" estiloa galdu barik.

Ikus-entzuleak oso gustura

Monterron txiki gelditu zen laukote bokalaren emanaldirako. Horrez gain, saioaren bukaeran jendeari galdetuta zer iruditu zitzaien "zoragarri" izan zen gehien aipatutako hitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak