Estetikak edonon du garrantzia, baina are gehiago Moneoren eliza berrian. Ikus-entzun enpresak erabili duen sistema berritzaileak ahalbidetzen du puntu bakar batetik eliza osorako soinua bidaltzea eta horrek dakar bozgorailu pila bat kendu ahal izatea. Ikus-entzun enpresako arduradun Jose Antonio Villarrek eman dizkigu azalpen teknikoak: "Digital Directivity Control du izena eta oso berritzailea da. Software berezi baten bitartez zutabe akustikoak bidaltzen duen soinua nora bidali agintzen duzu. Modu horretan lortzen duguna da, esaterako, bobedetara ez bidaltzea soinurik eta oihartzuna ekiditea. Baldintza akustiko txarretako eraikinetan lortzen duguna da soinua zuzenean jendearen belarrietara eramatea".
Moneo, zintzo eta jator
Moneo bera soinu probak egin ziren egunean bertan izan zen eta Villarrek kontatu digu oso jarrera ona izan zuela: "Oso zintzoa eta zentzuduna izan zen. Esan zidan elizak uste baino oihartzun handiagoa zuela eta aitortu zuen ez dakiela ezer akustikaz eta horregatik guregan konfiantza osoa zuela. Moneok argi zeukan leku horretan derrigorrezkoa zela hitza ondo ulertzea eta gure lana ondo egiteko estetikaren gainetik jarri behar bagenuen ere, neurri bateraino negoziatzeko prest zegoela esan zidan. Hitzaren ulergarritasuna gure esku ipini zuen".
Debagoienean ere bai
Ikus-entzun enpresak Debagoieneko hainbat eraikinetan erabili du sistema bera; esaterako, Arrasateko elizan, Oñatikoan edota Elosua auzoan. Kanpoan ere egin izan dituzte hainbat lan, adibidez, Logroñoko parlamentuan.