Udalpe elkartearekin hasi zen danborradaren historia. 50 urteko historia, 50 urteko ibilbidea eta 50 urteko eskarmentua. Gaur egun danborradaren antolakuntzan buru-belarri dabiltzanek ilusioz eta nostalgia pixka batekin gogora ekartzen dituzte hasierako garaiak. Urteetan atzera egin, eta danborradak izandako bilakaera nolakoa izan den errepasatzeko argazki album zaharrak zabaldu dituzte.

Udalpe hasi zen danborrak astintzeko lanarekin. Hiru edo lau urte geroago beste hiru elkarte batu ziren danborradaren antolakuntzara: Danobat, Casino eta San Isidro. Handik, Udalperekin bat eginda, SUDC taldea sortu zuten laurek.
Urtetik urtera ospea handituz
Urte batetik bestera, danborrada ospea hartzen joan zen. "Ni Aretxabaletakoa naiz eta gogoratzen dut nola inguruko herrietan Arrasateko danborradari buruz hitz egiten zen. Irratian ere entzuten zen", dio Juan Luis Arkauzek, gaur egun danborrada antolatzeko lanetan laguntzen diharduen herritarrak.

Lehen oihartzun handiagoa
Hasierako urteetako oihartzunik gaur egun ez dagoela dio Arkauzek. "Lehen, kaleak jendez beteta egoten ziren danborrada pasatu aurretik. Orain, egoera bestelakoa da. Herritarrek parte hartzen dute, baina ez dago lehen besteko girorik; dena apalagoa da".
Bide beretik, orain ez bezala, lehen, elkarte guztietako banderak ateratzen ziren. "Urteotan ohitura hori galtzen joan da".
Gaur egun egiten dena eta hasiera batekoa alderatzen jarrita, lehengoa "zirraragarriagoa" zela dio Arkauzek. "Orain, jendeak ez du denbora luzerik ere, eta tartetxo bat daukanean kanpora ihes egiten du. Lehen, herriko jaietan ez zen inor joaten; herritarrek herriarentzako lan egiten zuten, orain ez bezala".
Hala eta guztiz ere, parte-hartzea beti handia izan dela dio Arkauzek. "Inoiz ez gara herritarren faltan egon. Parte-hartzaileak beti egon dira hor".
Izan ere, guztira, nagusien danborradan urtero 200 lagun inguruk parte hartzen dutela dio antolatzaileak.

50 urte eta sei zuzendari
50 urteko ibilbidean, zuzendariak ere aldatzen joan dira. Horrela, guztira sei zuzendari egon dira danborradan, gaur egun dagoena barne: Rafa Fernandez, Aitor Zeziaga, Luis Mari Maidagan, Luis Maria Muruamendiaratz, Mentxaka eta gaur egun dagoen Nestor Maidagan.
Egoera aldatu bada ere, Arrasateko danborradak, oraindik orain, badu indarra. Eta horren adibide da umeen danborrada. "Umeen danborrada duela 35 edo 40 urte hasi zen egiten eta gaur egun ere umeek ilusioz parte hartzen dute".
Zaparrada handia
Urte txarrei buruz galdetuta, Arkauzek dio ez dela urte oso txarrik egon. "Orokorrean nahiko ibilbide ona izan da eta ez da urte txarrik egon".
Hala ere, urte baten danborradak ia ez irteteko erabakia hartu zuen. "Gogoratzen dut, zaparrada handia zen, eta erabaki bat hartu behar zen. Azkenean, kalera atera ginen, aterpeetan danborra jotzen ibili eta gero, goitik behera bustita amaitu genuen. Gogoan dut nire arropa guztia tantaka zegoela".
Orain, momentua pasatuta, irribarrez kontatzen du orduan gertatutakoa baina etxera bidean egindako lanaz harro joan zela dio.

Azken prestaketak egiten
Urtero bezala, aurten ere bi hilabete aurretik hasi dira antolatzaileak danborrada antolatzen. "Hasiera baten, bilerak egiten ditugu, eta gero, hortik aurrera dena lotzen joaten gara. Baina jendeak aurretik ere parte hartu izan duenez, badakite gauzak nola egin".
Aurten, gainera, gaztetxetik gazte asko danborradara gehitu direla dio: "Horrek poza ematen dit eta espero dut etorkizunean ere gazte horiek danborradan aurrera jarraitzea".
Azken prestaketak direla-eta, ia dena prest dago egun handirako. "Nork bere arropa prest dauka, ea urteurrena ondo joaten den".
"Danboarrada barik jairik ez"
Oihartzun handiagoarekin edo txikiagoarekin, jende gehiagorekin edo gutxiagorekin, danborradarik gabe jairik ez dagoela argi dio Arkauzek: "Danborrada beti egongo da hor, ezinbestean". Eta, bide horretatik, aurten, 50. urteurrena bete-betean ospatuko dute antolatzaileek, herritarrekin batera. "Berriro elkarteetako banderak aterako ditugu kalera eta guztion artean hasierako urteak gogora ekarriko ditugu berriro".