Bihar hasiko dira ofizialki Arrasateko San Juan jaiak eta aurtengo aurrekontua orain dela lau urte izan zutenaren bera baldin bada ere, Jon Garai Kultura teknikariak esan digu ahalegin berezia egin dutela orain 2-3 urtetako egitarauaren eskemari eusteko.
Aurtengo jaietarako apustu garrantzitsuenak hauek direla azaldu digu kultura teknikariak: Galartaren omenezko erakusketa, San Juan bezperako danborrada eta 50. urteurrena dela-eta herri afaria, eta Errementari dantzaren parte hartzea.
San Juan eguna
Egitarauan nabarmentzekoak diren ekintza hauexek azpimarratu dizkigu Garaik San Juan egunerako: zezenak (1.440 lagunendako tokia du zezen plazak eta espero dute egunean behin behintzat betetzea), AEDk San Juan egunerako antolatutako dragoi jana eta Oihan Vegarekin izango den dantzaldia. Jende asko espero dute hitzordu horietan guztietan.
Zapatuan, haurrak protagonista
Zapatuan haurren eta gaztetxoen festa eguna da eta Txatxilipurdiren eskutik, eskaintza polita egongo dela esan digu Garaik; Biteri plazan Haurgunea egongo da eta Zaldibarren Gaztegunea; ekintza guztiak, Eguzkilaruren konpainian.
Domeka, azken eguna
Festetako azken egunean, domekan, oilasko dastatzea egongo da Goikobalu abesbatzaren laguntzarekin eta arratsaldean antzerkia eta soka dantza egongo dira. Jaiari amaiera emateko, Erdizka Lauetan taldearen laguntzarekin dantza errazak ikasi eta dantzatzeko aukera ere egongo da.
Gazteendako txosnak
Gazteendako, gainera, udal egitarauan txertatuta dago txosna guneko egitaraua; egubakoitzean Txosna Life Festival ospatuko dute eta hiru taldek egingo dute emanaldia: Skati, Disorders eta Kantukik. Zapatuan, berriz, Arrasate Rock Festival egongo da eta eszenatokira igoko dira Kañeria 13, Motociclon eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak.
Helduendako ere eskaintza zabala
Egitarauarekin adin eta gustu guztiak asetzeko asmoz, ekitaldi horiez gain, helduei begirako ekintza ugari ere egongo dira: mariatxiak, cubako doinuak eta Golden Apple Quartet, besteak beste.