Goikobalu Gazteren Bartzelonako bira, borobila

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 22a

Astelehenean heldu ziren Goikobalu Gaztekoak lau egunez Bartzelonan egon ostean: "Bidai borobila izan da bai emanaldietako arrakastagatik bai lau egunetan gazteek bizitako esperientziengatik", adierazi du Rakel Murgiondo abesbatzaren zuzendariak. 37 kantarik osatutako taldea eraman zuen Goikobalu Gaztek eta bi saio egin zituzten: Bartzelona Euskal etxean eta hiriburuko Can Castelló Kultur etxean: "Bi emanaldiak oso hunkigarriak izan ziren", dio Murgiondok. 

Halaxe azaldu du Murgiondok Bartzelonan bizitakoa: "Entzuleriaren artean euskaldun eta Arrasatearrak aurkitzen ziren eta batzuen begietan negar malkoak atera ziren gazteen ahotsak entzuterakoan. Bizipen hunkigarriena kalean abestea izan zen. Hiriko toki esanguratsuenak bisitatu, turismo apur bat egin eta ondo pasatzeaz gain, kantatzeko gogoa erakutsi dute izkina guztietan eta edozein tokitan kantuan hasten ginen".

M-15eko 'haserretuen' artean kantuan

Hala ere, esperientzia hunkigarriena M-15 mugimendukoekin bizitakoa izan zela dio zuzendariak: "15-M delako jarraitzaileen akanpada erdian abesteko baimena eskatu genuen eta bertan hasi ginen abesten. 2. kanturako jendetzaz inguratuta geunden. Txaloka, malko batzuk ere entzuleriaren begietan,... 'Beste bat!' oihuka eta jarraitu behar,... azkenean Txoriak txori abestu genuen eta batzuendako ezaguna omen zen eta kantuan hasi ziren".

Amaitzeko, haserretuetako batek txapa iraultzaile bat jarri zion Murgiondori esker on moduan: "Ez zen izan, baina, kalean egindako 'kontzertu' bakarra. Rambletan, Plaza Realean... benetan kale kantari bihurtu ginen, beti ere jendetzaz inguratuta eta txalo, argazki, autografo ta mila galderaz amaituz emanaldi guztiak". Zorionak, bada, Goikobalu Gazte!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak