Zorionak! Durangon Euskadiko txapela lortu zenuen.
Eskerrik asko. Nire asmoa marka pertsonala hobetzea zen, baina, egia esan, orain dela 17 urteko marka hobetzea zaila da. 52.07 da nire marka.
Aurten beteranoen sailera pasatu naiz, eta, zaila den arren, entrenatzen jarraitzen dut.
Espero zenuen horrelako emaitzarik lortzea?
Ez, ez nuen espero. Gainera, Euskadi mailan aritzen diren atletak ez nituen ezagutzen, eta ez nekien zeintzuk izango ziren nire aurkariak. Sorpresa izan zen txapela lortzea.
22 urte daramatzazu atletismoan. Beti ibili izan zara neurri berean?
Bai, beti distantzia motzean ibili izan naiz, 400 metroko lasterketak egiten. Datorren urteari begira, baina, aldatzeko asmoa daukat. 800 metroko lasterketekin hasiko naiz.
Urteek aurrera egin ahala distantzia luzeetan hobeto moldatzen da bat?
Bai, uste dut hobeto ibiliko naizela distantzia luzeko lasterketetan. Aurten, esaterako, igarri dut ez naizela hain fin ibili; hainbat lesio izan ditut entrenamenduetan. Gainera, entrenamenduez gain, lan egiten dut; entrenamenduetatik irten eta lanera joan beharra, adibidez, gogorra da. Urte asko egin ditut horrela eta esan daiteke ondorioa izan duela.
Behin 35 urte beteta beterano izatera pasa zara. Gogorra izan da pauso hori?
Ilusioz hartu dut; izan ere, 35 urterekin egunero entrenatzea eta lehiatzeko gauza garela jakiteak ilusioa ematen du. Lasterketetan parte hartu eta zu baino nagusiagoak direnei eta batez ere zu baino gazteagoak direnei irabazteak indar handia ematen du. Pozik nago.
Nola entrenatzen zara?
Serie luzeak eta motzak egiten ditut. Esan daiteke orokorrean kilometro asko egiten ditugula; Urkulura ere joaten gara... Bestalde, lehen egiten genituen pisuak eta gimnasio lanak gaur egun ez ditut egiten. Belaunek, adibidez, ez didate onartzen lan karga hori.
Euskadiko txapelketa da lortu duzun emaitza onena?
Bakarka bai. Gazte mailan Gipuzkoako bigarrena izan nintzen. Taldeka, berriz, irabazi izan ditugu hainbat txapelketa, batez ere errelebutan. 4x400 lasterketan irabazi izan dugu; baina bakarka, esan bezala, hau izan da lortutako garaipen handiena.
Euskadiko txapelketatik haratago ez dut beste inon parte hartu; oso zaila da Espainiako txapelketan parte hartzeko markak lortzea.
Aurrerantzean, esan duzun moduan, 800 metroko probetan parte hartuko duzu.
Bai, 800 metroko lasterketak eta krosak ere egingo ditut. Kontua da lasterketa arinagoak egitea; izan ere, 400 metrokoak oso gogorrak dira.
Adibidez, orain dela aste batzuk, 100 metroko lasterketa batean geratu beharra izan nuen min hartu nuelako. Lasterketa motzak oso gogorrak izaten dira. Gorputzak atsedena eskatzen du dagoeneko. 800 metroko lasterketak, ostera, ez dira hain gogorrak. Lasterketa luzeetan erresistentzia lantzen da gehiago. Adinarekin abiadura galtzen da, baina erresistentzia irabazi.
Arrasaten maila handiko atletak dituzue. Zer jaten duzue, ba, hemen?
Bai, maila handiko atletak ditugu hemen. Pertikan, adibidez, Espainia mailan lehiatzen direnak ditugu. Gertatzen dena da gazte gehiagok hurbildu beharko luketela. Traba asko daude hona entrenatzera etortzeko; lehen, Iturripera edonor joan zitekeen probatu eta gustatuz gero geratu. Baina Mojategin sarrera ordaindu behar da, eta horrek atzera egiten du.
Badirudi modan dagoela korrika egitea. Jende asko ibiltzen da, behintzat!
Bai; askatasun handia ematen duen kirola da. Ez dauka zerikusirik gainerako kirolekin. Norberari poztasuna ematen dion kirola da. Gogoa besterik ez da behar.
Zerbait gehitu gura duzu?
Errugbikoen eta Aukeakoen artean dagoen eztabaidaren inguruan esan gura dut errealitatea dela elkarte guztiok berdina uste dugula; izan ere, hau ez dago ondo kudeatuta. Aukeako jendeak hona etorri eta benetan zer gura dugun galdetzea faltan igartzen dugu.